10 etxebizitza eraikiko dituzte Abaltzisketan

Ataria 2025eko abenduaren 17a

Abaltzisketako ikuspegi orokorra.

Gipuzkoako Foru Aldundiak Abaltzisketako bizilagunei Azpikoetxen babes publikoko 10 etxebizitza tasatu eraikitzeko proiektua aurkeztu die. Etxebizitza horiek jabetza erregimenean eskainiko dituzte, eta etxebizitzen sustapena Etorlur sozietate publikoaren bidez egingo dute.

Gipuzkoako Foru Aldundiak Abaltzisketako bizilagunei jabetza erregimenean eskainiko duten etxebizitza proiektua aurkeztu die. 10 etxebizitza izango dira guztira. Udan hasiko dira eraikitzen, etxebizitzak tasatutzat jotzen dituen eta esleipen, tamaina eta prezio orientagarriaren deialdia arautzen duen udal ordenantza onartu, eta udalaren eta Etorlur sozietate publikoaren arteko lankidetza hitzarmena sinatu eta gero.

Aurkezpenean Xabier Arruti Lurralde Oreka Berdeko foru diputatuak, Jon Zubizarreta Abaltzisketako alkateak eta Maite Peñacoba Etorlurreko zuzendari nagusiak hartu dute parte. Xabier Arrutik esan du «ekimen hau aurkeztu eta lan horien hasiera iragartzea mugarri handia» dela Aldundiarentzat, «beste urrats sendo bat baita landa eremuen despopulazioa eta etxebizitza eskuratzea bezalako erronkei erantzun sendoak eta proaktiboak emateko dugun konpromisoan».

Abaltzisketako alkate Jon Zubizarretak ere positiboki baloratu du proiektua: «Urtetako eskaera da herri honetan gazteentzako etxebizitza beharra dagoela, eta gainera, oso barneratuta daukagu etxe horiek jabetzan izatea nahi dugula. Hori posible egiteko, elkarlanean aritu gara urteotan Aldundiarekin eta Etorlurrekin, herri txikietan etxebizitza sustatzeko proiektuan. Lankidetza horri esker, gaur posible dugu etxebizitza promozio hau aurkeztea; ilusioa pizten duen eta gure eskaera argi bati erantzuten dion proiektua da. Izan ere, etorkizunari begira, bertako seme-alabek herrian bertan beren bizi proiektuak aurrera eramateko etxebizitzak behar dituzte, eta bide horretan argia ikusten ari gara».

Eusko Legebiltzarra

Eusko Legebiltzarrak joan den astean Etxebizitzaren, Lurzoruaren eta Hirigintzaren Arloko Premiazko Neurriei buruzko Legea onartu eta egun gutxira aurkeztu dute etxebizitzen sustapen hau. Lurralde Oreka Berdeko foru diputatu Xabier Arrutik adierazi duenez, «lege hau egitea planteatu zenetik, Aldundiak berretsi du udalerri txikien berezitasunak jaso behar zituela; izan ere, eremu horietan etxebizitza garatzeko interesa duten sustatzaile pribaturik ez dagoenez, orain arte babesgabetasun-egoeran egon dira, arlo horretako araudiek salmentara bideratutako sustapen publikoak bultzatzea eragozten baitzuten». «Lege honetan 3.000 biztanletik beherako udalerrietan saltzeko etxebizitza publikoen sustapenak egitea ahalbidetzen duen atal bat sartzeak beharrezko segurtasun juridikoa ematen digu udalerri horietako bizilagun askok helarazitako beharrei erantzuteko, despopulazioa saihesteko eta herri horiek biziberritzeko», gaineratu du.

Bidania-Goiatz, Altzo, Gaztelu eta Alkiza

Abaltzisketan aurreikusitako etxebizitzez gain, beste bost udalerri txikitan jabetza erregimeneko etxebizitza publikoak sustatzeko antzeko proiektuak garatzea aurreikusi dute, 46 etxebizitza guztira: 8 Bidania-Goiatzen, 12 Altzon, 8 Alkizan, eta 4 Beizaman. Beizamaren kasuan, dagoeneko sinatu dute udal ordenantza, eta Etorlur eta udalaren arteko lankidetza akordioa. Lanak 2026aren amaieran hastea espero dute.

Era berean, Gipuzkoako Foru Aldundia harremanetan dago beste udalerri batzuekin, horietako bost eskualdekoak; Orendain, Larraul, Albiztur, Orexa eta Belauntza.


Landa ingurunea biziberritzearen erronka
Gipuzkoako Foru Aldundiak etxebizitza publikoa garatzeko ekimena Foru Erakundeak 2023an egindako diagnostikotik sortu dela esan dute. Horri esker ondorioztatu dute azken urteetan landa inguruneko biztanleriak izan duen jaitsiera neurri handi batean etxebizitza berrien sustapen faltarekin lotuta dagoela.

Gipuzkoako Foru Aldundiak, Etorlur sozietatearen bidez, landa udalerrien bizi kalitatea hobetzen aurrera egitea, eta euskal landa eremuaren lurralde antolamendu orekatua eta jasangarria lortzea du helburu, despopulazioa eta landa abandonua prebenituz.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!