Abaltzisketako Udalak Larraizko bi aparkalekuen gaueko erabilera arautzen duen ordenantza onartu du. Joan den uztailean inauguratu zituzten Zamaoko —Txindokira igotzeko bidearen azpian dagoen eremuko— eta Zaldibiara bidean dagoen aparkalekuko instalazio berriak, eta orain horien gaueko erabilera zein araudia onartu ditu udalak. Salbuespenak salbuespen, aurrerantzean bost euro ordaindu beharko dituzte bertan gaua pasatzen duten ibilgailuek.
Ordenantzan zehaztu dute 22:00etatik 06:00etara bertan aparkatzen duten ibilgailuek ordaindu beharko dutela tasa, eta horretarako bi modu jarri dituzte: Zamaoko aparkalekuan aplikazio baten bitartez ordaindu beharko da; eta Larraitz azpiko aparkalekuan, berriz, bertan dagoen makina baten bitartez. Moduak modu, bi aukeretako edozeinek balioko du bi eremuetan aparkatu ahal izateko. Dena dela, ez dute tasa hori ordaindu beharko Abaltzisketako bizilagunek, larrialdietako zerbitzuek, udalak berariaz baimendutakoek, eta kirol edo kultur ekitaldietakoek.
Udaletik adierazi dute «sortu diren beharrei erantzuteko» ezarri dutela araudia, eta hainbat helburu dituela: «Ibilgailuen presentzia antolatzea, ingurunea babestea, bertako bizilagunen atsedena bermatzea, bizikidetza, turismo arduratsua sustatzea eta udal zerbitzuen —uraren hornidura, argiteria, hondakinak kudeatzea, eremua mantentzea— zati bat tasen bidez finantzatzea dira ekimenaren helburuak».
Ordainpeko beste zerbitzuak
Gaua igarotzeko tasa ordainduz gero, erabiltzaileek gauez baimena izango dute «toldoak, mahaiak, aulkiak eta kanpoko elementuak» ateratzeko; eta, horrez gain, ordainpeko beste zenbait zerbitzu ere jarri dituzte martxan eremu horietan.
Batetik, Zaldibiara bidean dagoen eremuan ibilgailuek beste bost euroren truke ur zikinak isurtzeko eta garbia hartzeko aukera izango dute; eta beste sei euro ordainduta 24 orduz argindarra hartu ahal izango dute —denbora gutxiago pasaz gero zati proportzionala kobratuko zaie—. Bestetik, eremu horretan zein Zamaon dauden komun publikoetako dutxak bost minutuz erabiltzeko txartelak bertako tabernetan eskuratu ahal izango dira, bi euroren truke.
Abaltzisketako Udaletik aurreratu dute tasen bidez biltzen duten dirua erabiliko dute eremu horietako atsedenlekuak, komun publikoak, argiteria eta «bestelako mantentze lanen» zati bat estaltzeko. Horrez gain, ohartarazi dute aparkalekuak ez direla zaintzapekoak, eta Abaltzisketako Udala ez dela «gerta daitezkeen lapurreta eta antzeko gertaeren» erantzule.
Arauak eta zigorrak
Tasak zehaztearekin batera, eremuen araudia ere onartu du udalak. Bete beharreko neurrien artean aipatu dituzte 22:00etatik 08:00etara isiltasuna mantentzea, erabiltzaileek alde egiterakoan gunea «txukun» utzi behar izatea, eta debekatuta dagoela eremu horietan ibilgailuak garbitzea zein ur zikinak isurtzea horretarako Larraitz azpiko aparkalekuan prestatuta dagoen eremutik kanpo. Halaber, adierazi dute hondakinak sailkatuta utzi ahal izango direla Larraizko edukiontzietan.
Arauekin batera onartu dituzte horiek ez betetzeagatik ezarri daitezkeen zigorrak, eta hiru maila ezberdindu dituzte: arau hauste arinengatik 50 euroko isunak jarriko dituzte; arau hauste larriei 100 euroko isuna dagokie; eta oso larriengatik, berriz, 200 euro edo gehiagoko isunak jarri ahal izango dituzte.
Arau hauste arinetan aipatu dituzte, besteak beste, baserri bideak oztopatzea, gaueko isiltasuna ez errespetatzea, inguruan «txukun» ez uztea, zaborra ez jasotzea eta instalazioen «erabilera okerra», esate baterako, ibilgailua bertan garbitzea. Arau hauste larriak lirateke, berriz, tasak ez ordaintzea, likidoren bat isurtzea, soinu ekipoetatik zarata igortzea eta arau hauste arinak bitan edo gehiagotan egitea. Azkenik, oso larritzat jo dituzte instalazioak eta eremuetako altzariak nahita haustea, eta arau hauste larriak bitan edo gehiagotan egitea. Halaber, ordenantzan jaso dute arau haustearen erantzukizuna araua hautsi duen ekintzaren egileari dagokiola, eta, pertsona fisikorik ezean, erantzukizuna ibilgailuaren jabearena izango dela.