Tolosaldea Garatzeneko turismo sailak eskualdeko herrien beharrak kontuan izanik planifikatu zuen Tolosaldeko Turismo Jasangarriaren plana. Plan horren baitan, turismoaren mugikortasuna aztertu eta honek sortzen dituen arazoei irtenbidea emateko proposamenak landu zituen. Abaltzisketako Larraitz auzoa izan zen aztertutako guneetako bat. Aralarko Parke Naturalak duen sarrera nagusia da, Txindoki mendira igotzeko bide erabilienaren hasiera.
Udaberri eta udazkeneko asteburuetan, batez ere eguraldi onekoetan, auto pilaketa handiak izaten dira bertan, baina geroz eta furgoneta eta autokarabana gehiago joaten dira, gaua bertan igarotzen dutenak; ohitura handia dago. Horiek, ordea, zenbaitetan gaizki aparkatuta egoten dira, eta plaza bat baino gehiago okupatzen dituzte. Hori dela eta, Larraitzen gauez ibilgailuak aparkatzea arautzeko ordenantza onartzeko prozedura jarri du martxan Abaltzisketako Udalak.
Inguruko zerbitzuak hobetzeaz gain, hauen mantenurako erabiltzaileei ekarpen ekonomiko bat eskatzea erabaki du. Honela, udalak eta Tolosaldea Garatzenek elkarlanean, Zaldibiara bidean dagoen aparkalekuan autokarabanentzako ordainpeko zerbitzugunea atontzeko proiektua jarri zuten martxan, turismo jasangarri, arduratsu eta kalitatezkoa eskaintzeko helburuarekin, eta gaur inauguratu dute. Proiektua Tolosaldea Garatzenek bideratu badu ere, Europar Batasunak finantzatu du Next GenerationEU funtsen bitartez, Berreskuratze, Eraldaketa eta Erresilientzia Planaren esparruan.
Baliarraingo Anduitz Eraikuntzak enpresa arduratu da zerbitzugunea prestatzeaz, eta bertako zuzendari Joxe Ramon Mujika aurkezpenean izan da. Zubizarretak nabarmendu du «gustura» daudela obrarekin. «Iruditzen zaigu zerbitzu egokia dela herrian ibiltzen den bisitari profilarentzako. Zorte apur batekin, eta ondo zainduz gero, ukitu modernoagoa emango dio herriari».
Ura eta argindarra
Zenbait azpiegitura prestatu dituzte zerbitzugunean. Batetik, autokarabanek ur zikinen bidoiak hustu eta edateko urez betetzeko gunea. Bestetik, ibilgailuak 24 orduz elektrizitatez hornitzeko lau entxufe. Uren azpiegitura erabiltzeagatik 5 euro ordaindu beharko da; argindarra erabiltzeagatik, berriz, 6 euro. Horrez gain, autokarabanen neurrietara egokitutako lau plaza margotu dituzte.
Aurretik, komunak, ur beroko bi dutxa, oinetakoak garbitzeko iturria eta harraskak jarri zituzten Larraitz auzoan. Auzoko tabernetan erosten diren fitxen bidez funtzionatzen dute; bakoitzak bi euro balio du, eta bost minuturako balio du. Jon Zubizarreta Abaltzisketako alkateak esan du iaz «tarteka» erabili zirela. «Aurten, ezagutza handiagoa da, eta erabilerak nabarmen egin du gora», gaineratu du. Zamaon ere bi dutxa jarri zituzten. Ondorioz, zerbitzugune berriarekin osatuta geratu da eremua.
Gaueko aparkaldi zerbitzua, ordenantzaren zain
Gaueko aparkaldia zerbitzua ere jarriko dute, bost euroren truke. Aspalditik bazuen beste nahi bat udalak. Larraitz auzoko atseden lekuen eta komuneko argiteriaren mantentze-lanen kostuari aurre egiteko, kanpotik etortzen direnek ekarpen ekonomiko txiki bat egiteko nahia genuen. Oraindik ez dugu indarrean jarri, ordenantzari behin betiko onarpena ematea falta delako –hasierako onarpena eman diote jada eta alegazio-epean dago; irailean onartuko dute–. 22:00etatik 06:00etara bitarte bertan egoten diren ibilgailuek ordaindu beharko dute. Zenbait abantaila: aparkalekuan egoteaz gain, mahaiak, aulkiak eta toldoak ateratzeko aukera izango dute. Zaborra botatzeko aukera ere izango dute.
Zamaon ere jarriko dute gaueko aparkaldirako zerbitzua. Larraitz auzoko beheko aparkalekuan, kreditu txartelarekin egin behar dira ordainketak; Zamaon, berriz, QR kode batetik bideratutako aplikazio baten bitartez egin beharko dira, eta udalak egingo du aplikazioaren erabileraren jarraipena. TAO sistemak bezala funtzionatzen du. Makinak txartel bat ateratzen du, eta hori ibilgailuaren aurreko aldean jarri behar da, ikusteko moduan.
Ordenantzaren prozedura amaitu bitartean gauez Larraitzeko aparkalekuetan aparkatzeko ez da ordaindu beharrik izango. Abaltzisketako udalak aurreikusten du irailetik aurrera, behin ordenantzaren prozedura amaituta, gaueko 5€ ordaindu beharko dutela 22:00etatik 06:00ak bitartean, Larraitzeko aparkalekuetan autoa aparkatu nahi dutenek.
Tolosaldean, modu jasangarrian
Zubizarretaren ustez, proiektuaren helburua ez da autokarabanen turismoa erakartzea, dagoeneko bazegoena arautzea baizik. «Bisitariak ongi etorriak dira Abaltzisketara, bereziki beharrezkoak direlako bertako ostatuen zerbitzua mantentzeko. Larraitz auzoko ingurunearen mantenuak, ordea, esfortzu handi eskatzen dio gurea bezalako herri txiki bati. Horregatik pentsatu dugu zerbitzu hauek ordainpekoak izatea, etorkizunean ere behar bezala mantendu ahal izateko, herritarrei bideratutako zerbitzuak gehiegi kaltetu gabe. Aurrerantzean, behar dituzten zerbitzuak eskainiko dizkiegu bisitariei, egonaldi atsegin bat izan dezaten».
Andu Martinez de Rituerto Tolosaldea Garatzeneko lehendakariak nabarmendu du pandemiaz geroztik erakarpen handia izan dutela natura-guneek, eta esan du «Aralar eskualdean dugun altxor handienetako bat» dela. «Denok gozatu nahi izanez gero, ezinbestekoa da ondo zaintzea. Kanpotik datozen bisitariei harrera egokia egin behar zaie, modu ordenatuan, eta Larraitzen egin den proiektuak hori ekarriko du. Datozenek ekarpen txiki bat egingo dute, eta modu jasangarrian egongo dira Tolosaldean».
Elkarlanean jarraitzeko tresna
Eskualde bezala, «elkarlanean» jarraitu behar dutela esan du Martinez de Rituertok, eta adierazi du Tolosaldea Garatzen horretarako tresna dela. Abaltzisketako alkateak Tolosaldea Garatzenekin lan egiteko modua goraipatu du, eta Olatz Illarregi garapen agentziako turismo teknikariak egindako lana eskertu du.
