Abaltzisketako zeharbidean hobekuntza eta konponketa lanak egingo ditu Aldundiak

Tolosaldeko Ataria

Iturria: Gipuzkoako Foru Aldundia

Galtzada konpondu eta berrituko dute zoladuraren egoera hobetzeko, eta udaletxearen aurrean errepidea eta espaloiak kota berean jarriko dituzte.

Gipuzkoako Foru Aldundiak Abaltzisketako herrigunetik igarotzen den errepidean hobekuntza lanak egingo ditu. Bide Azpiegituretako eta Lurralde Estrategiako departamenduak gaur atera du proiektua lizitaziora eta hilabeteko gauzatze-epea izango du esleitzen denean, 134.400 euroko aurrekontuarekin. Horrela, errepideko zenbait puntutan beharrezkoak diren konponketak egingo dituzte. Lanak, gutxi gorabehera, San Joan elizatik Muñoeta izeneko etxera bitarteko tartean egingo dira.

Horrela, lehenik eta behin, galtzada konpondu eta berrituko dute, zoladuraren egoera hobetzeko. Era berean, udaletxearen aurrean errepidea eta espaloiak kota berean jarriko dituzte, oinezkoen irisgarritasuna errazteko. Horrez gain, abiadura 30 km/h-ra mugatuko dute, eta herriko bi sarreretan estuguneak jarriko dituzte ibilgailuen abiadura jaisteko.

Hobekuntza gehiago
Abaltzisketako lan horiek Bide Azpiegituretako eta Lurralde Estrategiako tokiko ekintzen planaren barruan kokatu dituzte; «plan horren bidez, Aldundiak herriguneetatik igarotzen diren errepide eta zeharbideetan bizikidetza eta segurtasuna hobetzeko irtenbide zehatzak bultzatzen ditu; Tolosaldean bertan Berrobin ala Villabonan, besteak beste, egiten ari diren antzeko esku-hartzeen ildotik». 

Hain zuzen, Berrobiko jarduketan segurtasuna eta irisgarritasuna hobetzeko lanetan dihardu Aldundiak antzeko ikuspegi batekin eta Villabonan, aldiz, pasabide berria eta N-I eta GI-3751 errepideen arteko segurtasun-neurriak hobetuko dituzte. Obra horiei ekin zaie dagoeneko, eta, ondoren, oinezkoentzako ibilbidea jarraituko da Amasaraino. Hala nola, Ibarran, Berastegin, Zizurkilen eta Ikaztegietan lantzen ari dira hobekuntza-proiektuak.

Lan horiekin, Aldundiak urratsak egiten  jarraitu nahi du zeharbideen segurtasuna eta integrazioa herrietan hobetzeko ekintza planaren barruan, zeinak aurreikusten baitu 7 milioi eurotik gorako inbertsioa egitea lurralde osoan 2026 eta 2027 urteetan.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!