Mugikortasun jasangarri eta seguruan aurrera urratsa eman dute gaur Tolosaldean Villabona eta Irura arteko bidegorria inauguratuta. Bideak 1,83 kilometroko luzera du eta Villabonako Ibai-ondo eta Irurako Laskibar industriaguneak lotzen ditu; bizikleta eta oinezkoen arteko tarte partekatuak eta tarte bereiziak konbinatzen ditu, eta N-1 errepidea segurtasunez gurutzatzeko pasabidea du ezaugarri nagusia.
Gipuzkoako Foru Aldundiko Jasangarritasun departamenduak bultzatu du obra eta 3.177.000 euro kosta da. Hasierako aurrekontuarekin alderatuta, % 32ko hazkundea izan du amaierakoak, azpiegituraren segurtasuna, funtzionaltasuna eta jasangarritasuna bermatzeko aldaketa tekniko garrantzitsuak egin baitituzte. Aldundiko iturriek baieztatu dute, lanek iraun duten urtebetean sakon berrikusi dituztela proiektuko zenbait elementu: pasabidea aldatu eta berriz kalkulatu dute, gurutzatze pasabideko zutabeak birkokatu eta bi arrapalen abio hormak aldatu dituzte. «Aldaketok egin behar izan dira lehendik zeuden zerbitzuei ez eragiteko eta azpiegitura ingurunera hobeto egokitzeko. Segurtasun maila gorena bermatu nahi izan dugu». Inaugurazio ekitaldian parte hartu duten agintariek bidegorri zatia egiteko langileek hilabeteotan agertu duten prestasuna eskertu dute.
Obra finantzatzeko Jasangarritasun departamenduak Europar Batasuneko EGEF funtsak baliatu ditu, mugikortasun jasangarriarekiko eta garraioaren deskarbonizazioarekiko konpromisoa indartuz.
Hori bera nabarmendu du Jose Ignacio Asensio Jasangarritasuneko diputatuak, azpiegitura hau «estrategikoa» dela mugikortasun eredu garbiago, seguruago eta irisgarriago baterako. «Bizikletaren eta oinezko joan-etorrien aldeko apustua egitea osasunaren, lurralde kohesioaren eta klima aldaketaren aurkako borrokaren aldeko apustua egitea da».
Mugikortasun osasuntsua
Bidegorri berria Bizikleta Bideen Lurralde Plan Sektorialean eta Donostia eta Beasain lotzen dituen I-3 ibilbidean sartzen da. Asensiok azpimarratu du Ormaiztegitik Donostiara, bizikleta bide jarraitua eta segurua erabili daitekeela gaur-gaurkoz.
Inaugurazio ekitaldian izan dira Amasa-Villabonako eta Irurako alkateak. Bi herriek elkarrekin –Tolosaldea Garatzenen laguntzarekin– aspaldi joan ziren bidegorri bat egiteko eskaerarekin Gipuzkoako Foru Aldundira. Pozik agertu dira Beatriz Unzue eta Gorka Murua eskakizun hori gaur gauzatuta ikusi dutelako.
Aisialdirako ez ezik, lanera bizikletaz joateko aukera erreala eskainiko du azpiegiturak. «Espero dugu geroz eta langile gehiagok egitea bizikletaz lantokira joateko hautua. Horrek eragin positiboa izango du haien osasunean, eta lagunduko du N-1 errepideko eguneroko trafikoa arintzen», esan du Unzuek.
Gipuzkoako Foru Aldundiaren Jasangarritasun departamenduarekin lankidetzan jarraitzeko borondatea azaldu du Unzuek eta herrian duten erronka bati egin dio kasu: «Beharra dugu herrira iristen diren bidegorriak modu duin batean lotzeko. Seguru nago elkarlanaren bidez aurrerapausoak emateko gai izango garela, hori baita modu bakarra egunerokoan bizikletaren erabilera sustatzeko».
Muruak ere aipatu du gaurko inaugurazioarekin ez dela ezer amaitzen eta konpromisoa agertu du mugikortasun jasangarria eta bizikletaren erabilera sustatzen jarraitzeko. «Hasita gaude tokiko bizikleta sarea planifikatzen eta espero dugu hurrengo urteetan bidegorriari jarraipena ematea eta ugaritzea oinez edo bizikletaz herri barruan egiten diren mugimenduak».
Inaugurazio ekitaldian parte hartu duten arduradun politikoek argitu dute gaur egun Laskibar parean jarrita dagoen oinezkoen pasabidea ez dutela kenduko, bere horretan mantenduko dutela.