Gehigarria: Gastronomia

Garaiko elikagaien etxeko zaporea

Ataria 2025eko azaroaren 12a

Ostalaritza sektorean 20 urte baino gehiagoko esperientzia duen taldea ari da lanean joan den otsailetik Abaltzisketako ostatuan, Sara Garcia-Cañedo buru duela. 

Egunero garaiko eta tokiko produktuekin prestatutako etxeko janaria eskaintzen dute, ingurune paregabean, herriaren bihotzean. 

26 lagunentzako jantokia daukate Herriko Txokoan eta ostatu atarian gune zabala daukate mahaiekin eguraldiarekin otorduak emateko baliatzen dutena. Herritarrentzat zerbitzua osatzeko, okindegia eta oinarrizko produktuekin denda txiki bat dute. Bertan, gertuko elikagaiak jartzen dituzte salgai.

Sukaldaritza zintzoa eskaintzen dute ostatuan, etxean egindako janari tradizionala, elikagai freskoekin egina. Larretako esnekiak edota Argaia Goenako haragia erabiltzen dute besteak beste, eta gainerakoan ia ez diete kanpoko hornitzaileei erosten, bertako sukaldean egindakoekin osatzen dute menua. Kroketak, adibidez, etxean bertan egindakoak izaten dira. Bereziki arrakasta dute baserriko oilaskoak, bakailaoak, haragi bolek eta txerri-masailek.

Astegunetan –astelehen eta astearteetan izan ezik– 16 euroan eguneko menua eskaintzen dute –postrea eta kafea barne– eta asteburuetan jaki bereziagoekin prestatzen dute karta; horrekin batera, pizzak, ogitartekoak, plater konbinatuak eta hanburgesak ere eskaintzen dituzte. 

Eskolako zenbait umek eguerdiko otordua ostatuan egiten dute eta haientzako menu osasuntsuak prestatzen dituzte. 

Herriko Txokoan eguneko menuak indartu nahi dituzte aurrerantzean eta arduradunek adierazi dute eskakizun berezietarako prestasuna dutela, baita ohiko ordutegitik kanpora zerbitzua emateko ere; aurrez adieraziz gero taldeentzako menuak prestatzeko borondatea dute ostatuan.

Txindokin edo inguruko mendietan egun bat igaro ondoren energia berreskuratzeko edo ospakizun berezietarako aproposa da Herriko Txokoa. Eskuzabalik hartuko dute bertan bisitaria eta herri bertako bezeroa. Oraindik ere ezagutzen ez duenak okasio polita du izango du hemendik aurrera.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!