Amezketatik Abaltzisketara joateko errepidea ikusle ugariz bete da. Izan ere, zaldi lasterketa egin dute arratsaldean. Abaltzisketako San Joan jaietan hutsik egiten ez duen hitzordua izan ohi da, eta hala egin dute aurtengoan ere. Hain justu, hogeita laugarren edizioa ospatu dute.
Lasterketa hasi orduko giro ederra zegoen, eta suziria jaurti denean hasi da festa. Hamaika parte hartzaile izan dira aurtengo lasterketan, eta ziztu bizian iritsi dira Amezketatik hasita Abaltzisketan zegoen helmugara. Parte hartzaile guztiek errepideko alboetan zeuden ikusleen babesa jaso dute. Azkenean, Eneritz Etxabe zumaiarrak irabazi du lasterketa.
Iluntzean, bertso afaria egingo dute Iker Zubeldia eta Julio Sotorekin. Hala ere, datozen egunetan ere izango da zertaz gozatu Abaltzisketan. Ikusi hemen programazio guztia.