Makil hotsak nagusituko dira Txindoki magalean

Aitor Arroyo Askarai 2025ko ots. 26a, 07:59

Abaltzisketako txantxoak, iaz, inauterietako igandean. I. GARCIA LANDA

Aurten, lehen aldiz, handitu egingo dute Abaltzisketako txantxoen dantzari taldea; igandean goizetik arratsaldera arituko dira etxez etxe.

Urteroko ohitura jarraituz, inauterietako igandean etxeetako eta baserrietako atariak alaitzen ariko dira Abaltzisketako txantxoak. Aurten gainera, nobedade bat ere izango dute, hain zuzen, dantzarien taldean zortzi izatetik, «hamar edo hamabi» izatera pasako dira.

Goizean goiz, 7:00ak aldean, bilduko dira udaletxearen azpian, dantzarako arropa jantzi eta entsegu pare bat egingo dituztela azaldu du Maialen Senperena trikitilariak: «Aurretik ez dugu entsegurik egiten. Dantza ez da bereziki zaila, eta lehen etxeetan agian okerxeago ateratzen da, baina berehala hartzen diogu puntua» [barrez].

Txantxoen ibilbidea
Lehenik, Orendain aldeko baserrietara joango dira, eta 10:30ak aldean itzuliko dira herrigunera. Bertan mezatik ateratzen direnei egiten diete dantza, «aspaldiko ohitura» legez. Jarraian, herrian bertan ibiltzen dira etxez etxe; eta Gaintza aldera dauden baserriak pasata, Larraitz auzora joaten dira.

Bertako ermitan ere meza izaten da eta, auzoko baserrietan zein etxeetan ibili ondoren, amaitzen denerako iristen dira. Behin hori eginda, Amezketa aldeko etxeetara joaten dira, eta 15:30-16:00ak aldera bukatzen dute udaletxean.

Lehen aldiz, hamar dantzari
Urtero hamaika kideko taldea osatzen dute: zortzi dantzari, mozorroa, «zesteroa» eta trikitilaria. Aurten, ordea, taldea handitu eta, lehenengoz «hamar edo hamabi» dantzari izango dituztela azaldu du Senperenak: «Herrian gazte dezente ditugu, eta zortzi dantzari izanda guztiei ez lieke denborarik emango urteren batean dantzan ateratzeko».

Gehiago izateak, ordea, trabarik ere sortu omen die, hain zuzen, orain arteko kopuruarentzat zituzten prest jantziak eta aurten berriak osatzen aritu dira: «Txapelak egiteko eskatu egin dugu, eta zapi gehiago gordeta genituen; eskerrak, ez baititugu inon topatu». Orain artekoak nondik lortu zituzten ere ekarri du gogora trikitilariak: «Jantzi berdinak ez ditugu beste inon topatu. Txapelak, antza, hemengo baserri bateko amona batek egiten zituen, eta horiek egiteko denda batean eskatu ditugu kopiak. Zapiak, berriz, esaten dute Marokotik ekarritakoak direla, eta erreserban gordeta genituen hainbat».

Eguraldiak «asko» baldintzatzen dituela aitortu du Senperenak, baina euren artean «giro ezin hobea» izaten dutela ere nabarmendu du: «Etxeetan oso gustura hartzen gaituzte. Herriko ohitura bat denez-eta, oso eskuzabal hartzen gaituzte».

Erlazionatuak

Belaunaldi arteko Talai dantza

Aitor Arroyo Askarai urt 28 Amezketa

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!