Larre irekierarik ez, baina festak ez du hutsik egin

Leyre Carrasco 2022ko mai. 1a, 14:54

Enirio Aralar Mankomunitateak urtero antolatzen duen festa ospatu dute Larraitz auzoan. Larre irekiera bertan behera utzi badute ere, bi urteren ostean, jai giroa nagusi izan da gaurkoan.

Bi urteko etenaldiaren ostean, jai giroa bueltatu da Abaltzisketako Larraitz auzora. Artisau postuak jarri dituzte, gazta, bestelako elikagaiak eta pintxoak ere eros zitezkeen. Horrez gain, goizean zehar hainbat ekitaldi ikusteko aukera izan da. Hala nola, Abarlotz Olano kantariaren musika, Oscar Ferrer zaldi hezitzailearen erakustaldia edota Bixente Gorostidi bertsolari amezketarraren bertsoak. Herri kirolek ere izan dute bere tartea, eta bertan aritu dira lehian Iker Vicente eta Mikel Larrañaga aizkolariak.

Larre irekiera bertan behera

Ohiko ohiturari eutsiz, Aralarko Larre Irekiera Festa ospatzekoak ziren goizean, baina Aralarko Abeltzainen elkartea, Enba eta EHNE sindikatuekin sortutako gatazkaren ondorioz, aurtengo larre irekiera alde batera uztea erabaki dutela azaldu du antolakuntzak: “Sortu den eztabaida honen ondorioz ganadurik etorriko ez denez, aurtengo larre irekiera bertan behera uztea erabaki dugu”.

Hala eta guztiz ere, abereek euren lekua izango dute Enirio-Aralar Mankomunitateko belardi eta larreetan. Aurten guztira 18.815 abere inguru elkartuko dira, hain zuzen. “1991tik datuak jasotzen ari gara, eta esan dezakegu azken urte hauetan behiek gorakada handia egin dutela. Behorrak ere goraka egin dute, eta ardiak dira pixkanaka jaisten ari direnak”, azaldu du antolakuntzak. Horietarik gehienak, 17.000, ardiak izan dira; 940 behiak eta 875 behorrak. 

Gaurtik aurrera hasiko dira elkartzen, eta gehienak aste honetan igoko direla kontatu du antolakuntzak: “San Isidro arte etortzen dira abere gehienak. Behiak dira etortzen hasten diren lehenak, udara normal joaten baldin bada behintzat, urriak 15etik inguru. Urria bukaeran, berriz, ardi talde handi bat etortzen da, eta behorrak azaro bukaera inguruan”.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!