Aralarko abeltzainek ez dute larre irekieraren festan parte hartuko

Ataria 2022ko api. 28a, 12:24

Aralarko Abeltzainen elkarteak eta Enba eta EHNE sindikatuek adierazi dute egun bateko jaiaz harago, "urte osoan" babestu behar dela mendiko abeltzaintza.

Igande honetan, maiatzaren 1ean, Aralarko larreen irekiera festa ospatuko da Larraitzen. Aralarko Abeltzainen elkarteak eta Enba eta EHNE sindikatuek, baina, bertan lan egin eta bizi diren abeltzainek "ezer gutxi" dutela ospatzeko esan dute.

Izan ere, egun bateko jaiaz harago, urte osoan babestu behar dela mendiko abeltzaintza adierazi dute. "Mendiaren ardura nagusia duen Enirio-Aralar Mankomunitateak urte osoan egiten ez duena, egun bateko ospakizunarekin ezkutatu eta zuritu nahi du eta gizarte osoaren aurrean normaltasun itxura gorde asmo du".

Hala, ez daude "maskarada" horretan parte hartzeko prest, ez baitute Enirio-Aralar Mankomunitatearen "axolagabekeriaren konplize" izan nahi eta beraz, abeltzainek ez dute igande honetako festan parte hartuko, eta ez dute ganadurik eramango.

Abeltzainek diote festa eta alaitasuna maite dutela eta prest leudekeela beraiekin urte osoan elkarlanean jardun direnekin festan ibiltzeko. "Aldiz, urte osoan egin ez dena, ezin zuritu egun bateko festarekin eta are gehiago, ez dugu zuritu nahi". "Errespetua eta duintasuna" aldarrikatzen dute. "Errespetua, mendiko abeltzaintza egiten dugun baserritarrontzat eta gure ogibiderako; duintasuna, baliabideak eta azpiegiturak, gure jarduerarako".

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!