Aurten, urteurren berezia ospatzen ari da Txindokiko Itzala abentura parkea. Abaltzisketako Larraitz auzoan dago (txirrindularien mendate preziatuenetako batean), inguru zoragarrian, mendiz inguratuta eta zuhaitzen babesean. Jabe berriak ditu orain, eta martxoaren 27an ireki zuten. Gidari lanetan aritzen direnak, ordea, lehendik ere parkean ibilitakoak dira, esperientzia handiko langileak. Txomin Lizeaga da horietako bat.
Aste Santuan bisitari ugari izan bazituzten ere, ezarritako neurri murriztaileek eta eguraldiak eraginda, apirilean mugimendu gutxi izan zuten. Baina maiatzean eta ekainean, ikastetxe ezberdinen bisitak tarteko, bataz beste, 40 haur izan zituzten egunero. Orain, uztailan nahiz abuztuan egunero egongo da zabalik, eta udazkenean, asteburuetan bakarrik irekiko dute.
Batez ere, familia giroko turistentzako gune aproposa da. Izan ere, zuhaitzen artean diseinatutako dozenaka jolasez (zubi nepaldarrak, kulunkak, tirolinak...) osatutako hiru zirkuitu ezberdin burutzeko aukera dago: txikia, ertaina eta handia. Erronka horien bitartez, oreka, trebezia eta beldurra gainditzeko gaitasuna lantzen dituzte bisitariek. Parte hartzen dutenak, gainera, ez dira haurrak soilik izaten; gazte kuadrillak, pertsona helduagoak nahiz gurasoak ere ibiltzen dira tarteka. «Gehienetan, haurrek baino hobeto pasatzen dute», aitortu du Lizeagak.
Zirkuitu guztietan segurtasuna bermatu ahal izateko, erabiltzaile orok ikastaro txiki bat jasotzen du, zuhaitz batetik bestera balantzaka ibili aurretik. «Arnesak eta mosketoiak behar bezala erabiltzen jakiteko, proba bat egiten da zirkuitu txikian, bigarren eremura sartu aurretik». Hain justu, Lizeagak nabarmendu duenez, zirkuitu txikia da haur gehien erakartzen duen parkeko gunea. «Jolasik erakargarriena, berriz, tirolinak dira».
Parkearen inguruan zerbait nabarmentzekotan, honakoa dio Lizeagak: «Aintzat hartu behar da zein ingurutan dagoen. Familia giroan egun pasa bat egiteko ezin aproposagoa da. Goizean mendi buelta bat egin daiteke; eguerdian bazkaltzeko aukera ugari dago; eta arratsaldean, zirkuituetan ibiliz borobildu daiteke eguna».
Zirkuituez gain, parkearen inguruan ibilaldi ezberdinak burutu daitezke. Arku tiroan aritzeko egokitutako espazioa eta orientazio jolasak egiteko aukera ere eskaintzen dute. «Burutzen ditugun ekintza guztietan guretzat garrantzitsua da partaideek ondare naturalaren balorea bereganatzea eta errespetuz gozatzea. Eremu polita, erakargarria eta jostagarria da, eta erabiltzaileak uneoro aktibo sentitzen dira».
Aurreko urteetan bezala, arroila jaitsiera eta eskalada saioak ere eskaintzeko asmoa dute; udazkenean aurreikusten dute horiek martxan jartzea. Bitartean, Txindokikoitzala.com webgunean kontsultatu daiteke parkearen eta eskaintzaren inguruko informazio guztia, txanden erabilgarritasuna eta erreserbak egiteko aukera. «Beti dago txandak betetzeko arriskua, eta beraz, beharrezkoa da erreserbak denborarekin egitea», aholkatu du Lizeagak.
Txindokiko Itzala
- Helbidea. Larraitz auzoa, Abaltzisketa
- Telefono zenbakia. 943 65 47 57 edo 601 908 669
- Ordutegia. Uda osoan zabalik (11:00-13:00 eta 15:00-17:00)
- Webgunea. Txindokikoitzala.com
- E-maila. info@txindokoitzala.com
- Sare sozialak.
Facebook: Txindokiko Itzala
Instagram: @txindokikoitzala
Zirkuitu txikia (Basajaun)
- Sartzeko adina. 4-8 urte
- Sartzeko altuera. 1,35 metrotik behera
- Iraupena. Ordu eta erdi (10 laguneko taldeetan)
- Informazio orokorra. Zortzi jolas eta bi tirolina. Jolas eremua lurretik 1,5 metrora
- Oharra. Beharrezkoa da heldu baten laguntza
- Prezioa. 12 euro
Zirkuitu osoa: ertaina + handia (Mikelats-Atarrabi+Mari)
- Sartzeko adina. 9 urtetik gora (hortik beherakoak heldu baten laguntzarekin)
- Sartzeko altuera. 1,35 metrotik gora
- Iraupena. Ordu eta erdi (10 laguneko taldeetan)
- Erronkak. Ertainean, hamar jolas eta lau tirolina; handian, hamabost jolas eta sei tirolina. Jolas eremua lurretik 3-5 metrora (ertaina) eta 5-8 metrora (handia)
- Oharra. Hasiberriak diren helduentzat eta trebezia duten gazte eta haurrentzako modukoa. Gida bat egongo da erabiltzaileei laguntzen.
- Prezioa. 18 euro
Beste ekintza batzuk
- Ginkana. Talde giroa eta partaideen autoestimua hobetzeko diseinatutako jolas dibertigarriak. Punteria landu nahi izanez gero, arku tiroa praktikatzeko aukera, arku txiki eta handiekin.
- Orientazio proba. Mapa eta iparrorratz baten laguntzaz, orientazio ibilbide bat burutzeko aukera. Markatutako puntu guztiak topatu beharko dituzte, ahalik eta denbora tarte laburrenean, ahalik eta puntu gehien lortzeko.
- Bisita gidatu antzeztua. Aralarreko Natur Parkeko eta inguruko fauna eta flora, kultura eta mitologia ezagutzeko aukera. Adin eta gaitasun mailaren arabera, ibilbide ezberdinak proposatzen dituzte.
* Parkeko ekintza guztietarako beharrezkoa da webgunean erreserba egitea.