Aralarko gertaera salatu eta babesa agertu diote Zubizarretari

Tolosaldeko Ataria 2021ko eka. 4a, 09:38

Jon Zubizarretari behi bat tiroz hil diotela eta, Enirio-Aralar Mankomunitateko lehendakariak gertaera onartezina dela salatu du. Aralarko Baserritar Elkarteak, Enbak eta EHNEk deituta Zubizarretari elkartasuna adierazteko, igandean, 10:30ean, elkarretaratzea egingo dute, Larraitzen. Aralar Bizirik plataformak Aralarko gatazka guztiak pisten auziarekin ez nahasteko eskatu du.

Jon Zubizarreta abeltzainari elkartasuna adierazi nahi diote eragile ezberdinek, Aralarko larreetan behi bat tiroz hil diotelako. Atzo albistea jakin bezain pronto, Enirio-Aralarko Mankomunitateko Adur Ezenarro lehendakariak telefonoz deitu ziola argitu du "gertatutakoaren berri zuzenean jakiteko".

Enirio-Aralarko Mankomunitatea hamabost udalerrik osatzen dute, eta erabakiak Zuzendaritza Batzordeak hartzen baditu ere, Adur Ezenarrok, lehendakari moduan, "Enirio-Aralarko lurretan dabiltzan animaliak erasotzea eta erailtzea onartezina" dela esan du. Gertatukoa "lehenbailehen argitzea" eskatu du, eta gertaeraren aurrean, "behar diren neurriak hartzea" exijitu du.

Igandean, elkarretaratzea

Gertaeraren ondorioz, elkarretaratzea deitu dute iganderako Aralarko Baserritar Elkarteak, Enbak eta EHNEk. 

Igandean, hilak 6, 10:30ean Jon Zubizarretarekiko elkartasun kontzentrazioa egingo dute, eta "Aralar eta bertako abeltzainen alde egiten duen lana" eskertu nahi diote. Era berean, Aralarko mendian "elkarbizitza aldarrikatu" nahi dutela adierazi dute elkarretaratzea deitu dutenek.

"Aralarko gatazka guztiak ez dira pisten kontuarekin nahastu behar"

Bestalde, Aralar Bizirik plataformak Jon Zubizarreta Abaltzisketako alkateak, beste behin Aralarren gertatzen den guztia pisten kontuarekin lotzen jarraitzen duela esan du. "Ez dugu mendian armekin ibiltzen den jendea atsegin, ezta makinak hondatu, txabolei su eman, haginak atera, sastrakei su eman, abeltzaintza edo ikerketarako azpiegiturak suntsitu edo besteen abereak hiltzen dituen inor ere", esan dute.

Era berean, guztia argitzea eta errudunak aurkitzea "beharrezkoa" dela uste du plataformak, eta behiaren heriotza eragindakoa izan dela baieztatu beharko litzatekeela. Aralarren egon daitezken gatazka posible guztiak pisten kontuarekin ez nahastea eskatu du plataformak. "Aralar Biziriken beti adierazi dugu abeltzainak ezinbesteko direla goi larreak mantentzeko, beti ere oreka batean eta posible dela ingurumenean kalte larriak sortu gabe jardutea. Beraz beste behin esaten dugu Aralarren alde lan egiteko bertako erabiltzaile guztiak kontuan hartu behar direla, beti ere natur parkearen legedia aintzat hartuz. Hori da hain justu oreka eta “Aralarren alde” egitea, inor atzean utzi gabe eta Aralar kaltetu gabe", esan dute.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!