Aralarko baserritar elkarteak, EHNEk eta ENBAk harremanak eten dituzte Enirio-Aralar Mankomunitatearekin

Ataria 2021ko mar. 27a, 13:42

Aralar mendira igotzen diren 134 abeltzainetatik 109k babestu dute erabakia. EH Bilduri dei egin diote Aralarrekiko daraman estrategia birpentsa dezan, mendia eta ingurumena zaintzeko abeltzainek jokatzen duten papera aitortuz, "bai hitzez eta bai ekintzez". 

Larraitzeko langa ondoan egin dute agerraldia Aralarko baserritar elkarteak, EHNEk eta ENBAk. Abeltzainentzat "errespetua eta begirunea" eskatu dituzte eta iragarri dute, "sakoneko aldaketa eman arte", eten egingo dituztela Enirio-Aralar Mankomunitatearekin dituzten harremanak.

Josu Oiartzabal Aralarko baserritar elkarteko lehendakariak hitz egin du gainerako eragileen izenean eta aipatu du Enirio-Aralar Mankomunitateko arduradun eta abeltzainen artean interlokuzioa asko zaildu dela azken urteotan. "Etengabeko gorabeherekin eta norabide partekaturik gabea izan da harremana eta interlokuzio leiala eta errespetuzkoa aldarrikatzen dugu, zuzena, gardena eta erabakiorra".

Mankomunitatean gehiengo duten udalak EH Bildukoak dira eta agerraldia eskaini duten eragileen ustez abeltzainak ez daude koalizio abertzalearen estrategiaren lehentasunen artean: "Hitzetatik harago, beren ekintzei begiratuz gero, argi eta garbi geratzen zaigu soberan gaudela, ez bada oztopoan; hori begi bistakoa da, behin eta berriro, izen eta titulu ezberdinekin aurkezten zaizkigun programa eta egitarauetan. 20 urte atzera egin dugu kudeaketa moduetan eta horren erantzule diren pertsonak, baztertu ordez, indartu egin dituzte alderdi barruan".

Plantoarekin bat egin duten abeltzainak "oso kezkatuta" daude EH Bilduk Aralarren daraman kudeaketarekin. Hartu diren neurriak abeltzaintza estentsiboa egiten dutenei "bizkarra emanda" hartu direla esan dute. "Ganadua eta baserritarrak tresna baliogarriak izatetik, jasan beharreko elementuak izatera pasa gara". Koalizio abertzalea elkarte ekologistekin "lerrokatuta" dagoela esan dute Aralarko baserritar elkarteak, EHNEk eta ENBAk.

"Aralarko mendira igotzen diren 134 abeltzainetatik 109ren sinadurek ematen duten indarra baliatuz, publikoki salatzen dugu mankomunitatearen jarrera eta jokabidea". EH Bilduri dei egin diote berak gidatzen dituen udaletxe guztietan, Aralarrekiko daraman estrategia birpentsa dezan eta mendia eta ingurumena zaintzeko helburuan abeltzainek jokatzen duten papera aitortu dezan, "bai hitzez eta bai ekintzez". Oiartzabal: "Ezin dugu onartu abeltzaina alboratu nahi duen estrategia berririk".

Baserritarren elkarte eta sindikatuetako ordezkarien esanetan, Euskal Herriko gizartearen gehiengoak bat egiten du abeltzaintzaren bitartez kudeatu eta zaindutako mendiarekin eta Aralar bezalako mendietan eramandako dinamikarekin. "Alde guztiek irabazten duten estrategia bateratuan hartzen dugu parte, bai mendiak berak, bai abeltzainok, baina baita ere, gure azienda bitartez zaindutako mendiaz gozatzen duten herritar guztiek. Gizarte osoak jasotzen du gure lanaren onura eta geuk, beste behin, mendietako ondarea kudeatu eta zaintzeko konpromisoari irmo eusten diogu".

Mendiak zaintzeko eta kudeatzeko "baldintza duinak" eskatu dituzte, bai larre tokietan, bai txabola eta bordetan. "Aziendaren manejua eta lan sistemak aldatzen doaz eta honek etengabeko hobekuntza eskatzen du lanerako baldintzetan eta hobetu eta bultzatu beharreko azpiegituren artean ezin ditugu alboan utzi txaboletara heltzeko bideak" esan du Oiartzabalek.

 

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!