«Elkarlanerako deia egiten dut, elkar ulertzera kondenaturik gaudelako»

Ataria 2021ko mar. 30a, 19:59

Enirio-Aralar Mankomunitateko lehendakariak, Adur Ezenarrok, «tristuraz» hartu du Aralarko baserritar elkarteak, EHNEk eta ENBAk mankomunitatearekin harremanak eteteko hartutako erabakia.

«Elkarlanerako deia egiten dut, elkar ulertzera kondenaturik gaudelako. Era berean, oso kontziente izan behar gara mankomunitatea tokiko administrazio bat dela, bere arauak dituela eta kasu honetan ordenantza aurreko legegintzaldian onartu zela eta ordutik indarrean dagoela. Zentzu horretan ez da aldaketarik egon eta legegintzaldi honetan egon den aldaketa bakarra izan da Foru Aldundiak %100eko finantzazioa aldatu duela. Aldaketa hori onartu dugu eta kofinantziazio bidez udalerriek ekarpenak hirukoiztu ditugu, inbertsioak mantendu ahal izateko», esan du.

Aurreko legegintzaldian onartutako ordenantzari buruz esan du «sindikatu eta abeltzainek lanketan parte hartzeko aukera» izan zutela. «Ordenantza horrek eskubide desberdinak aitortzen dizkie ustiategia mankomunitatean osatzen dugun herrietan dutenei eta ez dutenei, ez die uzten behor eta behiak igotzen, baina bai ardiak. Beraz, ez dira abere guztiak baimendu ez direnak, abere larriak bakarrik. 134 eskaeretatik 10ri bakarrik eragin die, horietatik 7k erreklamazioa aurkeztu dute, eta mankomunitateko idazkariak ebatzi du bere txosten juridikoan ez direla onargarriak ordenantza urratzen dutelako. Kontrako erabaki bat hartzea prebarikatzea izango litzateke, eta hori ez da onargarria. Aipatu nahiko nuke badirela abeltzain eta artzainak ordenantza betetzea eskatu digutenak, horrek eragina duelako ondoren benetan ordenantza betetzen dutenen eta ez dutenen artean laguntzak banatzerakoan». 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!