ELKARRIZKETA

«Algararako aukera ematen du Txantxoak»

Josu Artutxa Dorronsoro 2021ko ots. 13a, 19:59

Jon Zubeldia Abaltzisketako Txantxo ohia. JOSU ARTUTXA

Abaltzisketako txantxo-dantzak bilakaera bat izan duen moduan garatu ditu bere iritziak eta pentsatzeko moduak Jon Zubeldiak. Urteak dira ez duela herrian dantzatzen, baina ilusio eta gogo bereziz bizi du dantza.

Ez dira asko izango Euskal Herrian, inauterietako dantzen inguruan horrenbeste datu, informazio eta bitxikeria gogoratzen dituztenak; are gutxiago, eskualdean. Horietako bat da Jon Zubeldia Gorostidi (Abaltzisketa, 1972). Urte batzuetan Txantxo modura dantzan aritu ondoren, egun, isilpeko lanean dabil, Euskal Herriko dantzak zaindu nahian. Horien bilakaerari buruzko iritzia ere badu, eta ez nolanahikoa gainera.

Noiztik duzu dantzarako zaletasuna?

1989an, oroitzen zutenetik abiatuz eta irudiak eta dokumentuak ikuskatuz, Abaltzisketako txantxo-dantza azken aldiz berreskuratzeari ekin zioten herritar ugarik: Joxe Zubeldiak, Santiago Garmendiak (1930ean dantzatu zuten biek), nire anaia Jose Luisek... Sanjoanetako soka-dantza berreskuratzeko gogoa ere piztu zitzaion nire anaiari, eta orduan piztu zitzaidan dantzarako grina. 1987an, orduan Beasaingo Ostadar dantza taldeko sortzaile eta irakasle zen Jesus Mari Garate, Abaltzisketara etorri zen, zenbait dantza irakastera. Lagun batekin batera, Beasainera joan eta bertako taldean izena ematea erabaki nuen, eta hala hasi nintzen ikasten. Orduz geroztik, bertan aritu izan naiz, eta gaur egun irakasle lanetan nabil taldean.

Euskal Herriko dantza ezberdinak ezagutzeko aukera izan dut bertan. Egia da, hasieran, ezagutzarako gogo falta sumatzen nuela. Nondik dator dantza hau? Zergatik egiten da? Nola? Informazio hori lortzeko gogo falta. Ondorioz, nire kabuz hasi nintzen ezagutza hori aberasten, dantza talde ezberdinetan galdetuz eta Euskal Dantzarien Biltzarra elkartera joz. Nire gogoa asetzeko egindako lanketa izan zen.

Aurten ez da txantxo-dantzarik izango Abaltzisketan. Zuk parte hartu izan duzu, ezta?

1989an, berreskuratu zen urtean, dantzatu nuen lehen aldiz. Urte batzuetan jarraitu nuen parte hartzen, baina beranduago uztea erabaki nuen, nire desadostasunak izan nituelako.

Zer da txantxo-dantza?

Abaltzisketako inauterien zati bat da, nolabait esateko, gelditu den hondarra; kontuan izan behar da, garai batean, beste kontu bat zirela inauteriak. Makil dantza bat da, inauterietako igandean herriko baserrietan binaka (bi ilaratan) dantzatzen dena. 1989an, zortzikotea osatu genuen, berreskuratze lanetan aritu zirenek hala esanda. Zortzi dantzariez gain, bi mozorro izaten dira: garbitzailea eta diru-biltzailea edo garai bateko puska-biltzailea. Lehena, erratzarekin joaten da, dantzatu behar den gunea aurretik garbitzeko; bigarrena, berriz, saskiarekin joaten da, dirua biltzeko. Lehen, elikagaiak ere biltzen ziren.

Txantxo-dantzako garbitzailea.

Txantxo-dantzako puska-biltzailea.

«Dantzan oro har, faktore askorengatik, eboluzio bat gertatu izan da beti, naturalki, baita Abaltzisketan ere»

Eta zer motatako pertsonaia da Txantxoa?

Inauterietako dantza bat dela jakinik, algararako aukera ematen duen eta poza adierazten duen pertsonaia xelebrea da. Hala ere, jantziei begiratuz gero, txukun edo dotore jantzita doan pertsonaia da, bi zapi, gorbata eta guzti.

Musikari bat ere izaten da, ezta?

1930era arte, txistulari batekin ibiltzen ziren. Geroztik, ordea trikitilari bat aritzen da. Eta, nola berreskuratu zen 1989an, 1971tik dantzatu gabeko koreografiaren musika? Orduan ez zegoen partiturarik. Parte hartu izandako herritarrek, gogoan zutena abestu, eta entzundako hartatik sortu zuen partitura berria txistulari batek. Baina, nork dio hori dela 1930ean jotzen zen doinua? Auskalo. Dantzan oro har, bai musikarekin, bai tresnekin, bai jantziekin eta baita koreografiarekin ere, eta egoeraren arabera, eboluzio bat gertatu izan da beti, naturalki gainera, eta hori da Abaltzisketan gertatu zena.

Doinu horrek, gainera, badu bitxikeria bat.

Hala da, bai. Abaltzisketako txantxo-dantzaz gain, talai-dantza dantzatzen dute egun berean, Amezketako inauterietan. Bi dantzen melodia edo doinua ia berdina da. Nik lepoa jokatuko nuke, lehen, doinua berdina zela bi herrietan. Nota bat aldatzen da herri batetik bestera, eta horrez gain, Abaltzisketan mantsoago jo eta dantzatzen da, besterik ez. Egia da, eta bateko nahiz besteko herritarrek berdina diogu, garai batean orain baino motelagoa zela erritmoa, bi herrietan.

Joxe Zubeldia eta Santiago Garmendia dantzari ohiak.

Zer nabarmenduko zenuke txantxoen jantzietatik?

Txantxo-dantzaren jantziek badituzte zenbait bitxikeria. 1930ean dantzatzera atera ziren herritarrek ziotenez, galtza zuriek marra urdin ilun bat zeramatela ikusi zieten ordura arteko dantzariei. Soldaduska egin ondoren ekarritako galtzak omen ziren, eta dantzarako aprobetxatzen zituzten. 1930eko dantzariek, ordea, uniforme bat sortzea erabaki zuten.

1989an, dantza berreskuratu zenean, bazen 1971ko argazki bat, non jantzia nahiko garbi ikusten zen: galtza eta alkandora zuriak, koloretako bi mantoi, gerriko gorria, abarkak eta txapela gorria (zinta zuri eta berdeekin). Argi eta garbi ikusten da, gainera, ikurrinaren irudia; garai haiek ezagututa, oso arrunta, noski. Geroztik, dantzarako jantzi askotan sartu da ikurrina. Nesken azpiko gona zurietan begiratu besterik ez dago; marra gorriak eta berdeak dituzte zenbaitek.

1989an atera ginen dantzariek, baina, ez genuen ikurrinik jarri txapeletan. Koloretako zintez eta borlez josi genituen. Dantzatzen hasi, eta Amabiñe baserrira heldu ginenean, iritsi zen sorpresa handiena. Bertako Julia Mimendiak, hala esan zigun: «Txapelak garai batean ez ziren horrela». Eta guk atzetik: «Eta nola zen, bada?». Gainean, kakorratzarekin egindako sare moduko bat zutela esan zigun. Ederki izorratu gintuen, baina aldi berean, poz handia hartu genuen. Geroago, Euskal Dantzarien Biltzarrean sartuta nengoela, antzeko txapela bat erakutsi zidan bertako idazkariak. Orduan, txapela berriak egin genituen, eta horiek erabiltzen dira gaur egun.

Txantxo-dantza Abaltzisketako Amabiñe baserrian; atean Julia Mimendia.

Zapiei dagokienez, 1930eko dantzarien arabera, baserrian ezkontzen ziren emakumeen zapiak erabiltzen zituzten gero Txantxoek. 1989an, baina, bi bakarrik aurkitu ziren, ziurrenik 1971n erabilitakoak, baina beste hamalau behar ziren zortzikotea jantzi ahal izateko. Zapi koloretsuak lortu nahi ziren, eta garai bateko dantzarien zapietan oinarritu ziren berriak bilatzeko. Nik gogoan dut Marokotik ekarri zirela zapi berriak; argi eta garbi ikusten da, gainera, arabiar figurak dituztela. Hori dela eta, esan daiteke, jantzien kasuan ere, eboluzio bat izan dela, modu naturalean.

«Festan parte hartzeko edo dantzarako eskubide bera dute emakumeek; hori ez da horrela herri askotan»

Amezketako talai-dantza aipatu duzu lehen. Zer azaldu dezakezu horren inguruan?

Bada susmo bat dantza hauek Nafarroatik helduak direnarena. Ziurtasunik? Ez. Lizartzan ere halako zerbait gertatzen da. Muga gertu dagoenez, antzekotasun handiak izaten dira inguruko herrietako dantzetan.

Hemengo jantziekin ere badira bitxikeriak. Gaur egun, txapela beltza, alkandora zuria, gerriko beltza, mahoizko galtzak, artilezko galtzerdiak eta abarkak janzten dituzte. Baina argazki zaharretan begiratuz gero, bertako dantzariek galtza zuriak eramaten zituzten. Horrez gain, badirudi txapela gorri kolorekoa zela. 1950ean Amezketan dantzan atera zen herritar batek honakoa gaineratzen du: «Gerra Zibilaz geroztik, txapelaren gaineko borla horia izan zedin behartu gintuzten; bestela ez ziguten dantzatzen uzten». Xehetasun horrengatik ondorioztatu daiteke, garai haietan txapela gorriak eramaten zituztela.

Ba al da lehiarik bi herrietako dantzarien artean?

Nik dakidala ez. Behin, Santiago Garmendia abaltzisketarrak aipatu zidan Amezketako dantzariak jada ez zirela bere baserritik igarotzen, eta pena handia zuela. Gerora, bere etxetik igarotzen ziren bakoitzean, sekulako poza hartzen zuen. Gainera, askotan jarri da hitzordua Amezketako eta Abaltzisketako dantzariek Larraitzen elkarrekin dantzatu dezaten.

Nola joan da aldatzen inauteria Abaltzisketan?

Kontutan izan behar da, 1975era arte, Frankoren diktadurak debeku asko zituela ezarrita, gehienbat herritar xumeentzat. Inauteriak baldintzapean zeuden, eta debeku askoren zaintzaileak eliza katolikoko ordezkariak izaten ziren; botere handia zuten. Askotan, aurpegia eman beharrean, udaleko ordezkariei ematen zieten lan hori.

Gainera, herritarrek baimena eskatu behar izaten zioten alkateari, inauteriak antolatzeko, eta askotan, debekatuta zuten mozorrotzea. Herriko dirudunek ere, dirua eskaintzen zioten elizari edo udalari, herritarrak mozorrotu ez zitezen debekua jar zezan, erokeriren bat egingo zioten beldurra izaten zutelako.

Inauteri igandeko eta astearteko festari dagokionez, herritar guztiek zuten parte hartzeko baimena. Dantzaldia izan ohi zen, elizarengandik oso kontrolatua; neska-mutilen arteko harremanak lupaz begiratuta egoten ziren.

Eta zein bilakaera izan du puska-biltzeak?

Gaur egun, inauterietako igandean bakarrik egiten da puska-biltzea. XX. mende hasieran, igandea, astelehena eta asteartea izaten ziren horretarako egunak. Igandean, Abaltzisketako baserrietan egiten zen eskea; astelehenean eta asteartean, berriz, inguruko herrietako baserriak bisitatzen zituzten. Orain, astelehenean eta asteartean lanera edo eskolara joan beharra dago, eta jai duenak, Tolosako inauterietara joateko aprobetxatzen du.

Lehen, festa egiten zuten inauterietako igande eta astearte arratsaldetan, dantzan aritu ondoren, Txantxoak herrira itzultzen zirenean. Inauteri jaia deitzen zioten eta herritar guztiek hartzen zuten parte. Garai batean, sanjoanetan ospatzen ziren herriko jaietara baino jende gehiago inguratzen zen. Puska-biltzean eta lehengaiak salduz lortutako diruarekin ordaintzen zen festa hura, baina bazen bitxikeria bat: neskak festara bakarrik zeuden gonbidatuta, eta ez dantzarien konpartsetan parte hartzera; gizonezkoak eta emakumezkoak ezberdin tratatzen zirenaren beste adibide garbi bat.

Bestalde, Espainiako Gerra Zibilak inauterien debekua ekarri zuen. Guda bukatu ondoren ere debekua indarrean zegoen. Zenbait herritar ausartu ziren puska-biltzearen ohiturari jarraitzen, baina arratsaldeko festa ospatzea arriskutsuegia izan zitekeen. Hainbeste urtez festa ez ospatzeak, orain zailago egiten du berreskuratzea.

Zure ustez, nolako garrantzia dute herri txikietako dantzek eta horien mantentze lanak?

Arestian aipatutako eboluzioari esker, ohitura eta tradizioa bezalako hitzei zentzu zabalagoan begiratzeko aukera izan dut. Ohitura eta tradizioa ez dira ohitura eta tradizioa, garaiaren, baldintzen, beharren eta influentzien arabera moldatzen doazelako. Hala ere, zenbaitekin horiei buruz hitz egitea ezerezarekin hitz egitearen parekoa da. Nik ere nire ez-jakintasunetik jokatu nuen 1989an, eta tradizioa orduan ezagutzen nuen bezalakoa zela nioen, zerbait itxia. Gerora, ideia hori neure burutik ezabatzen ikasi nuen.

Behin, Andoaingo sanjoanetara txantxo-dantza egitera joateko deitu gintuzten. Data berean festak ziren Abaltzisketan, eta orduko dantzariak genbiltzan justu antolakuntzan. Orduan, aukera bat ikusi nuen: herriko haurrei dantzak irakastea, teknikoki ere erraza delako, eta gero, eurak Andoainera joatea. Taldean hori proposatzean, «Ezta pentsatu ere!» izan zen jaso nuen erantzuna. Dantza hori herritik ez zela aterako esan zidaten. Horri lotuta, nik banuen asmo bat: gerora, haur horiek inauterietan helduekin batera ateratzea. Beraiekin batera, herriko plazan eta Larraitzen hiruzpalau dantza egitea. Eurak ere, txantxo-dantza benetan zer den ikusten joan daitezen. Baina, inoiz ez da halakorik gertatu.

Abaltzisketako San Joan festetako soka-dantzarekin ere bada bitxikeria bat. Lehen, hamasei urte inguruko gazteak gonbidatzen gintuzten parte hartzera. Herritar askok, ordea, ezezkoa ematen zuten, eta ondorioz, beste dantzaririk ez zegoela eta, haurrak sartzen hasi ziren. Orain, baina, haurtzaindegi bat dirudi.

 

1971ko txantxo dantzarien konpartsa.

Eta parekidetasunaren ikuspegitik begiratuz gero, zein iritzi duzu?

Frankismoak arrasto ikaragarria utzi du gizartean. Amezketako eta Abaltzisketako inauteriei dagokienez, XX. mende hasieratik hona ezagututakoa ikusirik, garbi ikusten da ez dela aldaketarik gabeko tradizioa izan. Behar izanagatik, debekuengatik edo komeni zelako, doinu, dantza, musikari, musika tresna edo parte hartzaileek gorabeherak izan dituzte, bai konpartsan, baita arratsaldeko festan ere.

Emakumezkoen egoera bereziki oso baldintzatua zegoen garai horretan. Neskek debekatuta zuten dantzarien konpartsan parte hartzea. Hala ere, neskak bizi ziren baserri batzuetan, txantxo-dantzaren ondoren, fandango edo arin-arina dantzatzen zen, eta neskek ere bertan parte hartzen zuten.

Garai luze horrek guztiak, genero aldetik izan duen eragina ikarragarria izan da, eta diktadura bukatu eta luzaroan iraun du. Nekeza izan da neskek konpartsetan parte hartzeko baimena lortzea. Amezketarrek lortu zuten; Abaltzisketan, berriz, oraindik ez da bermatu halakorik. Badakigu eskaera egin izan duten neskak badirela, nahiz eta asko ez izan, eta ezezkoa jaso dutela.

Oraindik ere, aldaketak dezentekoa izan behar duela iruditzen zait. Amezketan eta Abaltzisketaren kasuan, inauterien barruan sartu behar ditugu dantza hauek, festa giroan alegia. Zein da inor, norbaiti festa baten parte hartzea debekatzeko? Une honetan, emakumezko ugariri ari gara hori debekatzen, eta ez hemen bakarrik. Alde horretatik, oso kritikoa naiz, eskubide bat delako, emakumeek ere festan parte hartzeko edo dantzarako eskubide bera dutelako.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!