Abaltzisketako Larraitz auzoko Zubeldi Erdi baserrian jaio ziren Adur eta Egoitz Gorostidi anaiak. Txiki-txikitatik ikusi dituzte haragitarako behiak etxeko ukuiluan, baina orduan jolasleku zuten baserria.
Urteak aurrera joan ahala, bai bata eta bai bestea, naturalki sartu ziren baserriko lanetan. Ikasketak eta baserria, edo enpresako lana eta baserria, biak uztartzen zituzten.
Behin lan munduan sartuta, ordea, beharrak eraman zituen baserriko lanari eustera. "Aurrera edo atzera egin behar genuen; ez genuen posible ikusten biak uztartzea", dio Egoitz Gorostidi anaia gazteak. Eta ia bi urteko prozesu baten ostean, enpresako lanak utzi eta baserrian lanean hastea erabaki zuten. Ondo aztertuta hartutako erabakia izan da.
Gustukoa dute lana eta pozik daude hartutako erabakiarekin. Lasaitasuna transmititzen die baserriko lanak. "Naturari begiratu, eta belar berde horren koloreak nola janzten duen gure paisaia, eta horren parte izateak edo eragiteak, ematen dizu nolabaiteko poztasuna", aitortzen du Adur Gorostidik.
Hiru urte beteko dituzte urtarrilean, eta garbi dute etxeko txekorretatik hazi nahi dutela ganadutegia "oinarri ona dugu etxean", diote. Horrek denbora eskatuko die, baina horretan ari dira.
Baserritarren egoeraz, lehen sektoreaz eta gizarteaz hitz egitean, "arrakala handi samarra egin zaigu baserria eta kaleko bizimoduaren artean", esaten du anaia zaharrak, eta azpimarratzen du gogoan izan behar dela, "bertakoa jatearekin bertako biodibertsitatea aldeko apustua egiten ari gara".