"Baserriak laguntzarik gabe izan behar du errentagarria"

Ibon Lopetedi (Abaltzisketa, 2000) gaztea da, baina argi ikusten du bere etorkizuna. Juan Joxe aitak hasitako lanbideari eutsiko dio, eta prest dago erreleboa hartzeko. Abaltzisketan bizi dira eta bertan dute ustiatokia, haragitarako behiekin.

Otamendi Barrena baserrian txekorrak hazten dituzue.

Bai, txekorrak hazten ditugu, eta behiak ere baditugu ugalketarako. Aitarena da momentuz ustiatokia, baina gero nire eskuetara pasako da.

Baserriko lanetan lagunduko diozu, beraz.

Bai, gaur egun, egunero nago laguntzen. Eguneroko bizitza da, hau da, errutina bat da berari laguntzea. Konstantea da lana eta inoiz ez dago oporrik hemen.

Zenbat buru dituzue gutxi gorabehera?

Behi eta txekor artean 210 bat ditugu.

Ustiatoki handia da zuena.

Ez. Gipuzkoarako handi samarra bada ere, txikia da errealitatean.

Noiztik duzue baserria?

Nire aitona-amonek jada bazuten baserria, eta familiatik datorkit. Nire aita, ordea, duela hogeita bost urte hasi zen txekor eta behiekin lanean. Eta duela hogeita bederatzi urtetik untxiekin ere bai, osagarri moduan. Baserritik ateratzen dugu ogia. Baserritarrak gara ehuneko ehunean.

Km0 proiektuaren barruan zaudete zuek. Horrek laguntzen du haragia saltzen?

Bai. Asko laguntzen du, eta orain, etxeetako kontsumoa dezente handitu da. Jendeak ezin du taberna eta jatetxeetara joan, eta arrakasta ari da izaten. Pixkana funtzionatzen ari da, eta jendeak gehiago erosten du. Arazoa bereziki txuleta eta azpizunarekin dugu, beste produktuekin nahikoa ondo gabiltza.

Koronabirusaren aurretik ere bazen Km0 proiektua.

Bai, bazen, baina orain hasi dira Internetetik haragia saltzen, eta martxa ona hartu du.

Euskal baserrietako haragia etxera eramatea du helburu: bertako haragia, bertan kontsumitzea.

Bai, eta oso haragi ona da gainera. Kalitate ona du, eta baldintza batzuk bete beharra dauzka haragi horrek Euskal Okela izateko. Eskaintza bereziak egiten dira, eta orain, esaterako, txuletak oso prezio onean daude. Kontsumo hori bultzatu nahi baita.

Eskaintza bereziak daude orduan?

Bai, hori da. Prezio oso interesgarriak jarri dira.

Eta zuek nola egiten duzue salmenta?

Gu kooperatibistak gara Urkaikon beste 300 ekoizle horiekin batera. Gurean txekorrak jaiotzen dira, hazten ditugu eta Urkaikora saltzen ditugu. Komertzializazioa Urkaikon egiten dute; harategietara edota Baserria Km0 orrialdera.

Jendeak garrantzia ematen dio hemengo haragia izateari?

Gure ustez, jendeak zer jaten ari den begiratzen du. Urteak pasatzen doaz, eta urtetik urtera jende gehiagori interesatzen zaio nongo haragia den, eta baita zein baserritarrarena den ere jakin nahi izaten dute.

Bertakoa jatea komeni, ezta?

Hori oso garrantzitsua da. Gainera baserritarrek jatekoa emateaz gain, Euskal Herriko mendiak garbi mantentzen dituzte ardiak eta behiak bertan ibiltzen direlako. Ziklo bat da guztia.

Lehen sektoreak urte asko daramatza krisian. Orain zein da egoera?

Hemen jendeak ez dakien arazo larri bat dago: gaizki kudeatutako baserri asko daude. Kudeaketa ona emanez gero, ondo joango zaizu. Ondo pentsatu behar da zein kudeaketa egin baserriak ondo funtzionatzeko. Gure ustiatokia duela 25 urtetatik dezente ondo doa, eta aldaketa handirik ez dugu izan Covid-19arekin ere. Ondo ari gara saltzen.

Zein da bada baserria ondo kudeatzeko gakoa?

Finantzaketako gestio on bat eduki behar da, eta duzun dirua ondo gastatu behar duzu. Baserrietan ez dago enpresa izpiriturik. Askok duten izpiritua laguntzak jasotzearena da, eta gure ustetan laguntzak kendu egin beharko lituzkete. Laguntzek azkenean baserria hondoratzen dute. Gobernuari zerbait eskatu beharko bagenio laguntzak kentzeko esango genioke, baina baserriak bizirik mantendu nahi badituzte haragiaren prezioa igo beharko lukete. Jendea laguntzak kobratzera doa, eta azken batean baserriak laguntzarik gabe izan behar du errentagarria. Gure ustetan, baserritarrek ere enpresa kultura izan behar dute.

Erlazionatuak

Euskal haragia, etxeraino

Tolosaldea

Baserria Km0 kooperatibak Internet bidezko denda sortu du, baserrietako haragia etxez etxe banatuz produkzioa babesteko; Euskal Herriko 300 abeltza...

Albiste hau ATARIKIDEei esker argitaratu dezakegu. Haiei esker Tolosaldeko albisteak libre, euskaraz eta kalitatez irakurtzen dituzu. Horrela izaten jarraitzeko eman babesa Tolosaldeko Atariari eta ZU ERE IZAN ZAITEZ ATARIKIDE.

#EgitenDuzunaGara


EGIN ATARIKIDE!