Koronabirusa

Euskal haragia, etxeraino

Eneritz Maiz Etxarri 2020ko maiatzaren 6a

Baserria Km0 kooperatibak Internet bidezko denda sortu du, baserrietako haragia etxez etxe banatuz produkzioa babesteko; Euskal Herriko 300 abeltzainetik gora batzen ditu.

Euskal Herriko baserrien etorkizuna sendotzea du helburu Baserri Km0 kooperatibak. Koronabirusaren krisiak bultzatuta Internet bidezko salmenta indartu dute, eta honela Euskal Herriko baserritarren haragia etxeraino banatzen ari dira. 300 baserritar baino gehiago biltzen dituen kooperatibak tokiko produktuak kontsumitzeko deia egin du, «lehen sektoreari laguntzeko».

Produktu ezberdin ugari eskaintzen ditu sarean jarri duten baserriakm0.com dendak: mozketa anitzeko arkumeak, azpizuna, txuletak, entrekotak, hanburgesak, saltxitxak, sukaldatutako platerak... Egoera berezia denez, online denda jartzearekin batera, eskaintza eta prezio bereziak ere eskaintzen ari dira.

«Hemen bertan, kilometro gutxira dauden larre eta baserrietan jaio eta hazitakoak dira gure animaliak», azpimarratzen dute kooperatibatik. Eta hazkunde prozesu osoan «jasangarritasuna eta ongizatea» ezinbesteko helburu dituztela argitu dute: «Kalitate gorena bermatzen duen haragia ekoizten dugu. Manipulazio maila baxukoa, haragi haragia».

«Etxetik gertu ditugun baserrietako 300 abeltzain baino gehiagoren lana dago produktu bakoitzaren atzean», nabarmentzen dute, eta kalitate bermea mantentzeko lan egiten duten beste 75 langile ere gogoan dituzte. Guzti hori ikusgarri eta errentagarri egiteko lanean ari dira: «Guztion indarrak batuz, ekosistemak, abeltzaintzak, ekonomiak eta, nola ez, produktuak onurak baino ez ditu».

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!