Txantxoen makil hotsek esnatzen dute Abaltzisketan inauterietako igandea, eta Juan Inazio Garmendia (Abaltzisketa, 1958) dantzarietako bat izana da. Hiru bat urtez ibili zen dantzari moduan, eta soldaduskara joan aurretik utzi zuen. Egun, hamaiketako ederra prest izaten du etxera etortzen diren txantxoentzat.
Zure ume garaian baziren txantxoak Abaltzisketan?
Ez. Nire garaian ez ziren txantxoak, nik hamasei edo hamazazpi urte nituenean hasi ginen dantza hori egiten. Batzuk lanketa bat egin zuten festa hori berreskuratzeko, eta horri esker hasi ginen. Bi edo hiru urtean atera nintzen dantzari.
Bazenuen txantxoen berririk aldez aurretik?
Ez, egia esan, hasi nintzen urtean jabetu nintzen zer zen. Gero, hasteko momentu horretan, gurasoek bai kontatu zidaten zer izaten zen, baina orduantxe jabetu nintzen.
Berreskuratu zen urte horretan bertan sartu zinen taldean?
Bai, aurreneko urtean. Hasiera guk eman genion.
Eta dantzari moduan?
Dantzari moduan izan zen, bai.
Nolako esperientzia izan zen?
Dantza eta parranda, eta umoreko giroaren nahasketa bat zen. Dantza ez genuen ondo egingo, noski, aurreneko urtean baino, esperientzia oso polita izan zen. Oso talde polita ginen, eta, batik bat, parrandarako giroa. Festa zen.
Aldez aurretik dantza egiteko ohiturarik bazenuen?
Esperientzia pixka bat banuen, baina oso gutxi. Txikitan, hamar edo dozena bat urterekin dantzarako talde txiki bat sortu zen. Aurreskuren bat edo beste ikasi genuen, baina oso gutxi.
Zer zen gehiago dantza eta parranda, edo parranda eta dantza tarteka?
Nik uste dut, agian, parranda gehiago izango zela. Dantza egiten genuen, baina herriko buelta arratsaldean goiz bukatzen genuen, eta ohitura genuen Tolosara jaistekoa. Gure makil, txapela, jantzi eta guzti joaten ginen, eta han kalean hots pixka bat ateraz ibiltzen ginen, eta dantza honen segida gaupasa izaten zen. Normalean txapela bat edo bi gutxiagorekin bueltatzen ginen etxera.
Tolosako kaleetan ere egiten zenuten dantza?
Bai, herriaz gain Tolosako kaleetan ere egiten genituen dantza batzuk, baina segituan sakabanatzen ginen. Hasieran taldean ibiltzen ginen, baina batzuk taberna batera eta besteak beste batera, eta bi-hiru alde batetik eta beste bi-hiru bestetik eta... banatuta bukatzen genuen.
Abaltzisketara itzulita, herrian nola mugitzen zineten?
Plazan hasten ginen, eta herriko baserri guztietatik buelta egiten genuen. Oinez, noski. Eguberrietan kantuan ibiltzen ginen bezalaxe.
Gogoan duzu zein ordutarako hasten zineten?
Egunsentirako biltzen ginela gogoan dut. Arropak jantzi eta pixka bat antolatu eta abiatzerako ordu erdi bat jotzen zigun.
Arratsalderako bukatzeko bixi-bixi ibiliko zineten?
Hamazazpi-hemezortzi urterekin orain baino sasoi hobea genuen, eta, bai, arratsaldeko lauretarako behintzat bukatuta izaten genuen herriko buelta. Eta gero, esan bezala parrandarako pentsamendua izaten zen.
Izango zen taldean bakarren bat parrandatik zuzenean etorrita?
Izaten ziren bai orduan ere. Baina ondo eusten genion egunari.
Gustura hartzen zintuzteten baserrietan?
Baziren baserri batzuk nahiko bereziak. Zain egoten ziren ateak zabalik jarrita; garai batean bertako aitona dantzaria izan zelako eta...
Gerora, berriz ere, galdu egiten da ohitura.
Bai. Gure erruz seguru asko, baina galdu egin zen. Pena da, baina dantzarako alferkeria edo errelebo falta... Gerora, berriz ere, batzuk lan asko egin zuten eta berreskuratu zuten. Joxe Luis Zubeldia, Angeles Iztueta eta hor bazen jende bat berriz ere berreskuratu zuena. Eta hor jarraitzen dute, eta segi dezatela gainera urte askoan!
Orain, zu zara etxera noiz etorriko zain egoten den horietako bat.
Bai, horrela da. Bezperatik ia zain egoten naiz noiz etorriko diren, eta gustura.
Zuenean indarrak hartzen dituzte hamaiketakoa jartzen diezuelako?
Bai, ohitura hori dugu. Parrila pizten dut, eta jatekoa egiteaz aparte, soinu jotzailearen atzaparrak berotzeko ere balio izaten du.
Noiz hasi zinen hamaiketakoa prestatzen?
Ez dut gogoan, baina dozenaren bat urte edo hamabost bat urte izango dira. Ez dut hutsik egin orain artean, eta ez dut hutsik egiteko asmorik etortzen baldin badira behintzat. Beraiek ere oso esker onekoak dira, eta jende jatorra da. Gainera, orain dela bi urte izugarrizko oparia egin ziguten. Sekulako saskia ekarri ziguten, eta segi beharra dago.
Eskertzen dute beraz zuek egiten duzuen lana?
Asko eskertzen dute. Etortzen direnean dantza egiten dute, eta hamaiketakoa egin ostean, joan aurretik berriz ere dantza egiteko ohitura izaten dute. Egia esan, indar gehiagorekin ateratzen zaie bigarrengoa. Makilaren bat edo beste puskatu izan dute, indartuta joaten direla ematen du, eta gustura. Etorri umore handiarekin egiten dira, eta joaterakoan oihu eta umore hobea erakusten dute.
Etorkizun ona ikusten diezu txantxoei?
Momentuz badirudi baietz, eta espero dut jarraitzea. Egon dira koska batzuk gainditzen zailak, baina orain uste dut aipatu dutela emakumeak sartzeko aukera ere, eta positiboa izango litzatekeela uste dut. Ohiturak ere berritu egin behar dira, eta emakumeekin osatzen badute taldea, ongi etorri izan dadila.