Adrenalina zuhaizpean

Tolosaldeko Ataria 2017ko uzt. 27a, 08:33

Txindokiko Itzala abentura parkea ingurumen kulturari hegoak zabaltzen ari da, urtez urte, ‘slow adventure’ filosofia elikatuz. 

2010ean zabaldu zutenez geroztik, mamitzen joan den proiektua da BiziBizikiren Txindokiko Itzala. Zuhaizpeko abentura zirkuituekin hasi ziren, eta ingurumen ondareari begirako gunea da, orain, Txindokiren, Ñañarriren edo Larrunarriren magalekoa. 

Aisialdia jarduera aktiboz janzteko aukera eskaintzen du Txindokiko Itzalak eta, ezinbestean, eguraldi epel eta lehorrena baliatzen dute, ateak zabaldu eta Txindokiren magala gozamen bilakatzeko. Horrela, abentura parkearen denboraldia Aste Santuko oporraldian hasi, eta udazkenera bitartekoa izan ohi da, Oihana San Sebastian langileak azaldu duenez: «Aste Santutik ekainera bitarte, asteburu eta jai egunetan zabaltzen dugu parkea, eta baita udazkenean ere. Udan, berriz, egunero aritzen gara hemen». 

Gipuzkoaren bihotzeko orografiak asko laguntzen diela dio San Sebastianek eta, horrexegatik, ezin zabalagoa da Txindokiko Itzala parkeko bisitarien profila. Batetik, norbanako nahiz familiei txoko atsegina suertatzen zaie, opor egunetarako. Bide beretik, noski, taldeentzako bisitak antolatzen dituzte, eta ohikoak izaten dira ikastetxe, abesbatza, guraso elkarte nahiz udalekuetatik bertaratzen diren taldeak. Aipatzekoa da, taldeek astegunetan ere gozatu ahal izaten dutela parkeaz. Haur eta gaztetxoentzako planez gain, ordea, bisitari helduagoenak ere ase ditzake Txindokiko Itzalak. Horregatik, azken urteotan ezkon aurreko agurretarako taldeak ere hartzen dituzte Larraitzen. 

Zuhaizpean adrenalina sentitu, eta Aralar inguruko parajeek eskaintzen duten guztiaz gozatzera bertaratzen diren gehienak gipuzkoarrak izan ohi dira, euskal herritarrekin batera. Uda garaian, ordea, mugetatik haragoko bisitariak izan ohi dira protagonista, Oihana San Sebastianek azaldu duenez: «Espainiatik jende asko etortzen da, eta frantziarrak izan ohi dira, zalantzarik gabe, gehienak. Noizbehinka errusiarrak eta estatubatuarrak ere etorri izan dira». 

 

Lurra, ura eta haizea gozamen 

Oztopoz betetako zirkuitu parke bat izanez jaio zen Txindokiko Itzala, eta oraindik ere bizi-bizirik mantentzen du hasierako nortasuna: «Hainbat zirkuitu ditugu, adinaren eta altueraren arabera banatuta, eta lau urtetik aurrera, edonorentzat zabalik dago», dio San Sebastianek. 

Ordea, urtez urte beren eskaintza elikatu eta zabaldu dute Larraizko txokoan: «Arku-tiroa, ginkanak nahiz eskalada egiteko aukera ere eskaintzen dugu». Bide beretik, jarduera aktiboekin batera, inguruko kultura ezagutarazteko egitasmoak ere beren agendan txertatu dituzte, abentura eta ondarea uztartuz. Asmo horren ondorio dira, esaterako, inguruko baserri nahiz artzain-etxeetara antolatzen dituzten ibilbide tematikoak, eta ilbete gauetako irteera magikoak. 

Ingurumen ondarea eta kirola uztartzeko lanean, dena den, Txindokiko Itzala parkeko arduradunek argi dute zein den ezusteko pozgarriena ematen duen jarduera: arroila jaitsiera. «Duela hiru urte hasi ginen, eta pixkana-pixkana harrera hobea izaten ari da. Askotan, Pirinio inguruetara jotzen dugu horrelakoak egitera, baina hemen, gure lurretan, badira xarma handia duten txokoak ere», azaldu du Oihana San Sebastianek. 

Horrela, Goierri inguruan egin ohi dituzte arroila jaitsierak, bai helduei begira, baita familiei egokituta ere: «7-8 urteko haurrekin egiteko moduko arroila jaitsiera berezi bat badugu, eta jendea benetan harrituta geratzen da, merezi du». 

Jarduera horiek guztiak antolatu eta prestatzeko, eskaintzaren pareko taldea dute Txindokiko Itzalan: zabala. Mendi hezkuntzan aditu direnekin hasi, eta kirol hezitzaileak, turismo aktiboan adituak, antropologoak nahiz komunikatzaileak aritzen dira, egunero, Larraitzeko txokoan. 

Guztira, slow adventure filosofiaren alde aletxo bat jartzearren: «Bertako kultura eta ondarea eskaintzaren zati bilakatzen ditugu, eta saiatzen gara turismo jasangarriarekin bat egiten, betiere, kontuan izanda, zuhaizpean plataformak ditugula: bisitari kopuru jakin batzuk errespetatzen ditugu eta bertako garapena sustatzen dugu». 

Txindokiren magaleko gunea hobeto ezagutu eta informazio zehatza eskuratzeko, erabilgarri daude www.txindokikoitzala.com ataria eta 628 94 72 53 telefono zenbakia. 

 

 

Erlazionatuak

Zentzumenak zabalik bisitatzekoa

Tolosaldeko Ataria 2017 uzt 20 Tolosaldea

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!