Abaltzisketako sanjoanak 2017

Urte borobila borobilduta

Naiara Roldan de Aranguiz 2017ko ekainaren 24a

San Joan bezperaren gauarekin batera, egun borobila zuten abaltzisketarrek. 30 urte lehenago piztutako suaren sugarra indartsu dagoela dantzaren bitartez erakutsi zuten; 30 urte gehiagoz argitzen jarraitzeko modua izango du su horrek.

Herriko plazaren bueltan begi ugari, plazak San Joan dantza eta soka dantza berreskuratu eta etenik gabe dantzatu dutela ospatzeko herritarrek zer prestatu ote zuten jakin-minez. Eta aurrez pantaila erraldoia, eta soka dantzaren nondik norakoak azaltzen dituen muntaiaren proiekzioa; urteetan atzera joan eta garai bateko dantzariak eta anekdotak ere mimoz prestaturik zituzten. 

Ondoren, gutxinaka-gutxinaka, eta suaren bedeinkazioa ahaztu gabe. Suak plazaren erdian hartzen duen protagonismoa inongo momentutan ahaztu gabe, maisutasunez su hori bizi mantentzeko ardura zainduz, plaza dantzariz betetzen joan zen; gazte, gaztetxoagoak oraindik, helduak, helduagoak oraindik... Adin guztietako dantzariek (5-70 urte artekoak), askok seguruena, azken urteotan, alkandora zuria eta praka urdinak ahaztuta izandakoak, berriro lisatu, apain-apain jarri eta hanka gora altxatzeko abilezia berreskuratu behar izan zuten.

Ordaina, ikusleen begiak zabal-zabalik eta dir-dir eginda. Txalo zaparrada ere jaso zuten dantzari eta antolatzaileek 30. urteurren borobila borobiltzeko. 

Erlazionatuak

Gutxienez beste 30 urtez irauteko

Imanol Garcia Landa 2017 eka 23 Abaltzisketa

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!