Abaltzisketako sanjoanak 2017

Gutxienez beste 30 urtez irauteko

Imanol Garcia Landa 2017ko eka. 23a, 07:56

Abaltzisketako herritar ugari, 80 inguru, ariko dira gaur gauean dantzan San Joan suaren inguruan; izan ere, 30 urte bete dira San Joan dantza eta soka dantza berreskuratu eta etenik gabe egin direla.

Gaur 30 urte beteko dira San Joan dantza eta soka dantza berreskuratu eta etenik gabe dantzatu dituztela Abaltzisketan. Tradizio horri eusten zaiola ospatzeko, ekitaldi berezia prestatu dute. «Zifra borobila izanik, pentsatzen genuen zerbait berezia egin behar genuela», esan du Joxe Ramon Mujika herritarrak.

Sanjoanak dira herriko jaiak, eta, beraz, San Joan suak esanahi berezia du herrian. «Bestela ere San Joan suak badu bere berezitasuna, eta festak izanik, jendea suaren bueltan dantzan aritzea... Dudarik ez, egun berezia dela», esan du Mujikak. Hain justu, Argitxu Zabala herritarrak gaineratu duen moduan, «sua pizten den unea oso berezia izaten da Abaltzisketan».

Une hori aurten are bereziago izango da, ohitura berreskuratu zela 30. urteurrena ospatzeko 80 herritar inguru ariko baitira dantzan suaren inguruan, mutil zein neska. «Berezitasun handiena horixe izango da, gaur egun aritzen diren dantzariez gain, garai batean ibilitakoak ere bertan izango direla, 30 urte hauetan parte hartu dutenak eta aurretik ere aritu zirenak», esan du Mujikak. 1971tik 1973ra dantza talde bat izan zen, eta horiei ere abisatu zaie parte hartzeko. «Nik uste dut jendea nahiko ondo prestatu dela dantzarako», esan du Mujikak.

Plazan adin guztietako dantzariak izango dira, hasi 5 urtetatik eta ia 70 urteraino. «Ikusita herri txikia dela, plazan ez dakit zenbat jende izango den emanaldia ikusten, baina herritarren ia erdia plazan dantzan ariko da», esan du Zabalak. Eta hainbeste herritar dantzan aritzeak aparteko esanahia emango dio emanaldiari.

21:30ak aldera piztuko dute San Joan sua. Apaizaren bedeinkapena jaso ondoren, suari San Joan dantza egiten zaio. Ondoren etorriko da soka dantza.


Ilusioa nagusi

Soka dantza askotan egin ohi den moduan, aurreskularia eta atzeskularia izaten dira. Alkateari agurra egiten zaio, eta gero korroa egiten da. «Momentu politenetakoa hori izango da, jende guztia hor dantzan ari garenekoa», esan du Mujikak. «Plazan denok nola sartuko garen ere antolatzen ari gara». Aurrena desafioa egiten dute aurreskulariak eta atzeskulariak. Gero ondoren alpargata dantzaren unea iristen da. Alpargata dantza banaka egin ohi da, baina aurtengo emanaldi berezian taldeka egitea pentsatu dute, bestela oso luze joango delako. Ondoren aurreskulariak neska bat ateratzen du eta agurra egiten dio eta atzeskulariak berdin. Bukaeran desafio kruzatua egiten dute, eta azkenean arin-arina eta fandangoa dantzatzen dituzte guztiek.

Entseguak ilusioz egiten ari direla esan du Mujikak: «Jende asko izango da urte asko daramatzana dantzan egin ez duena. Azken batean pausoak gogoratzen aritu gara, eta bakoitza ahal duen neurrian saiatzen ari da. Giro polita sortu da entseguetan eta nik uste dut emanaldia ondo aterako dela». Zabalak gaineratu duenez, «aterako diren dantzari zaharrenetakoak ilusio handiarekin ikusten dira eta hori poztekoa da».

Azken 30 urte hauetan dantzari gazteak aritu dira tradizioa mantentzen. Berreskuratu zutenek utzi ahala, beste gazte batzuk sartzen joan dira.

Emanaldi berezia dela eta, argazkiak biltzen aritu dira, eta gaur gauean proiekzio txiki bat egingo dute. Gaurko emanaldia jasoko dute irudietan, eta hurrengo uztailaren 1ean, herri afaria egitearekin batera, bideo emanaldia egingo dute. «Orain arteko historia kontatu nahi da bideo emanaldiarekin, eta aurtengo emanaldi bereziko irudiekin hornitu nahi da», esan dute.

Urteurrenak balio izan du suaren inguruan egiten den emanaldiari bere garrantzia emateko. «Gehiago baloratzen duzu, hainbat urtez horrelako ohitura bat mantentzea Abaltzisketan gauza polita da, eta ikusita gainera jende askok parte hartzen duela», esan du Mujikak. «Kontziente egiten zara zenbateko sakrifizioa eta lana dagoen ohitura mantentzerakoan. 30 urte hauetan ohiturari eusteko jende askok lana serio egin du, bestela horrelako ohiturak galtzea oso erraza da».

 

Ez dakite zehazki noiztik datorren ohitura. «1930eko hamarkadan bazela bai, eta herriko zaharrek esaten dute urte batean eta bestean egin zutela. Ez dago jasota txukun, baina badakigu aspaldiko ohitura dela», zehaztu du Mujikak.

Jende ugari elkartuko da gaurko emanaldia ikusten. Inguruko herrietatik ere joaten baitira, bertako jaiak direnez, Abaltzisketara. «Normalean herritik kanpoko jendea etortzen da, eta ikusita gainera ostirala tokatzen dela, oraindik gehiago», esan du Zabalak.

Esan bezala, une berezia izaten da sua piztearen momentua herritarrentzat. Dantzan aritu behar dutenek, gainera, tentsio puntu bat izango dute. «Tentsio pixka bat ere ona izaten da», esan du Mujikak. «Ilusioarekin ariko gara dantzan».

Ea gutxienez ilusio hori eta une berezi hori mantendu ahal duten Abaltzisketako hurrengo belaunaldiek. «Urte batzuetan galduta egon da, baina pozgarria da 30 urtetan segidan batere galdu gabeko izan dela, eta ea horrela jarraitzen duen», desiratu du Zabalak.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!