Aralarko larreetara joateko prest

Imanol Garcia Landa 2016ko api. 29a, 10:22

Iazko Aralarko Larre Irekiera Egunean, behiak larreetara bidean.

Aralarko Larreen Irekieraren Eguna ospatuko dute hemeretzigarren urtez Larraitzen; egun osoko egitaraua antolatu dute iganderako.

Beste behin, eta aurten hemeretzigarrena izango da, Aralarko Larreen Irekiera ospatuko dute Larraitzen. Joxe Antonio Irastorzak Enirio-Aralar Mankomunitateko basozainak gogoan du Aralar eta abeltzaintzaren arteko harremanaren mugarri garrantzitsua 1991ean izan zela: «Urte hori izan zen lehenengoa epea jarri zena ganadua Aralarren egoteko, eta horrela mendiari atsedena emateko. Apustua egin zuen Mankomunitateak, eta gero honen ondorioa ikusita ere oso pauso garrantzitsua izan da». Larreratzearen hasiera egunari garrantzia eman nahi izan zitzaion, eta horrela 1998an hasi ziren maiatzaren 1ean festa antolatzen Larraitzen.

Irastorzak garbi du: «Abereek behar dute Aralar, eta Aralarrek behar ditu abereak. Modu kontrolatuan egin behar da, gainkarga handirik gabe, baldintza onetan bazka izan dezaten abereek». Aralarrek duen itxura berezi hori, alfonbra moduko zelaiekin, ganadurik gabe ezinezkoa izango zela gaineratu du Irastorzak.

Maiatzaren 1ean antolatzen den egunak arrakasta handia lortu du urteen poderioz eta jende ugari joaten da bertara. «Urtero-urtero antzeko festa antolatzen dugu Larraitzen. Jendeak jarraipen dezentea egiten dion festa da», esan du Irastorzak, eta gaineratu du salmenta postuak jartzeko eskaera handia dagoela.

Postuak 10:00etan irekitzen badira ere, nolabait egunari esanahia ematen dion ekitaldia 12:00etan izango da: hainbat abere Aralarko larreetara abiatuko dira Larraitzetik. Abere gutxi joaten dira une horretan, festarekin ez baita oso bateragarria.

Ekitaldiaren ondoren hainbat ikuskizun eta emanaldi izango dira, eszenatokiaren inguruan. Esnaola aizkolaria, esaterako, bost metroko alturan ariko da enborra mozten. Ordubete inguruko saioa eskainiko du Juan Mari Beltranek eta bere taldeak, hainbat musika instrumentu maisuki joz. Nabarralde taldekoek ere Ausa-Gaztelu Eguna ospatuko dute, eta euren adierazpena egiteko aukera izango dute. Bertsolariak ere ez dira faltako. Arratsaldean ermita aurrean erromeria izango da. «Larraitz izanik, erromeria izatea merezi du, nahiz eta ni mutikoa nintzeneko garai haietako erromeria giroak behera egin duen», esan du Irastortzak.

Autoak ezingo dira Larraitzeraino eraman eta Abaltzisketatik eta Zaldibiatik autobusak aterako dira festa gunera joateko. «Jende fidela da bertara joaten dena», esan du Irastorzak. «Iaz eguraldi txarra egin zuen. Ea aurtengoan iaz joandako jendea asetzen dugun».

Aralarko larreetara joango den abere kopurua azken urteotan betiko moduan dabilela dio Irastorzak: «Nahiz eta ganaduzaleak pixkana gutxitzen joan, normalki daudenak gero eta abere gehiagorekin daude. Ardiak 17.000 inguru izango dira; behiak 850 inguru badaude izena emanda, eta behorrak 750 inguru». Maiatzaren 1ean irekitzen da, beraz, larreetara abereak eramateko epea eta urtarrilaren 31n bukatuko da.

Egitaraua

10:00. Postuen irekiera.

11:00. Jesus Mujika eta Josu Puldain trikitilariak.

11:30. Aralar, egungo Gipuzkoa eta Nafarroa lotzen dituen mendikatea emankizuna, Nabarralderen eskutik.

12:00. Aralarko Larreak irekitzeko suziria. Ondoren, Juan Mari Beltran eta bere taldearen saioa. Jarraian, Jose Mari Esnaola aizkora erakustaldia. Bixente Gorostidi eta Mikel Mendizabal bertsolariak ere ariko dira. Abere erakusketa ere izango da, eskulangintza saioak eta bertako produktuen salmentarekin batera.

17:00. Erromeria, Jexux Mujika eta Josu Puldain trikitilariekin.

Erlazionatuak

Mila abere inguru Amasamendira

Tolosaldeko Ataria 2016 api 29 Amasa-Villabona

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!