Mila abere inguru Amasamendira

Ataria 2016ko api. 29a, 11:04

Amasamendiko larreen irekiera ekitaldia egingo da igande eguerdian Komizarren.

Aurten ere jarraipena emango diote orain urte batzuk hasitako ekimenari: Komizarren ekitaldia egingo dute Amasamendiko larreen irekierari hasiera emanez. Igandean izango da, eta 11:00etan emango zaio nolabaiteko hasiera ofiziala, Amasamendira aterako diren abereak Komizarrera jaitsiz. Ondoren, 12:00ak inguruan hamaiketakoa egingo dute, musikaz girotuta. Mila buru inguru eramango dira Amasamendira aurten. Ardiak, behorrak, behiak eta ahuntzak, hain justu. Hamabi baserritako abereak izango dira eramango direnak larreetara.

Bi garai dituzte larreratzea egiteko. Udaberri-uda garaikoa da igandean hasiko dena, eta baimena dute urte bukaera arte bertan ganadua izateko. Baimenak aldundiak ematen dituela azaldu du Eneko Urdangarin Villabonako Udaleko Ingurumen zinegotziak. «Bere garaian baserritarrek ikusten zuten behar hori, abereak larreratzekoa, eta ekimena udala eta baserritarren artean aurrera eramaten dugu».

Amasa-Villabonako herritarrek harro egon behar dutela dio Urdangarinek Amasamendi udalarena izateagatik: «Inguruko larre mendi asko saldu egin zituzten udalek. Asko dira partikularrak edo aldundiarenak direnak. Amasamendi, Gatzagarekin batera, Gipuzkoako udal eremu handienak dira. Gatzagakoa uste dut dela handiena, eta Amasamendi bigarrena». Urdangarinek gaineratu duenez, «baserritarrei egiten duten lana onartu behar zaie, eta ematen dioten onura eremu horri eta mendiari. Azken finean, abereak belarra jaten du, eta horrekin batera laguntzen du Amasamendiren zati handi bat garbi eta txukun mantentzen».

Baserritarrak gustura daudela dio Urdangarinek beraien abereak Amasamendira eraman ahal dituztelako. «Esan daiteke baserritarren eta udalaren artean armonia ona dagoela», esan du zinegotziak eta igandean herritar guztie gonbita egiten die Komizarrera joateko, eta larre irekieraren ekitaldian parte hartzeko.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!