Nolatan hasi zinen GPS-arekin altxorrak bilatzen?
Irratian entzun genuen jolas moduko bat bazegoela, eta toki politak ezagutzeko aukera ematen zuela ikusirik, altxor gehiagoren bila hasi ginen.
Zein erakargarritasun ditu?
Haurrentzako erakargarritasun handiena altxorra bilatu behar dela da, zer aurkituko dugu? Bestetik, toki paregabeak ezagutzen dituzu, berau jarri duenak bere inguruko leku xarmant edo politena jarri duelako. Honenbestez, beti sorpresa onak aurkitu ditugu, eta ez, txarrik: ur-jauzi eder bat… askotan liburu edo gidetan agertzen ez diren tokiak dira, bertakoen kuttunenak.
Mendian jendea korrika, barritak jaten, GPS-aren pantailari begira… mendiarekin genuen harremana ez al da aldatzen ari?
Gu GPS-ari begira joaten gara, bai, baina inguruari begira gehiago. Gozatzera goaz! Mendiak eta hiriak beste begi batzuekin ikusteko balio izan digu. Baina badaude hemen ere, egunean 8 altxor aurkitzera doazenak, presaka, gozatu gabe. Hemen ere denetik dago.
Zertarako balio du egitasmo honek?
Lehen esan bezala toki politak ezagutzeko, naturaz gozatzeko, baina baita haurrengan truke bizipen hori burutzeko. Altxorra aurkitzean bertako saritxoa har dezakegu, baina, trukean beste zerbait utzi behar dugu. Orduan haurrentzat ona dela uste dut: aurretik badakite beraiena den zerbait utzi beharra dutela. Joan, eta ez dakizu zein altxor egongo den; grina hori sortzen da. Baina haurrengan ezik, baita helduongan ere. Hemen ez gara ibiltzen familiak soilik, denetik gabiltza: gazteak, erretiratuak… eta mundu guztikoak.
Behin Madrileko bikote batekin topatu ginen Urederran. Emakumeak esan zigun mendia ez ezagutu eta ez zapaltzetik, joko honen bitartez pasio handi bat topatu duela. Soberan zituen kilo asko botatzeaz gain, mendiaz maitemintzeko balio izan diola.
Esperientzia honetan zein xelebrekeria ez zaizu ahazten?
Kar, kar, kar… altxor batzuk oso landuak daude: botoi bati eman behar diozu pista bat lortzeko… Baina xelebrekeri handiena… bueno, kontatuko dut: altxorra arroken artean zegoela jartzen zuen. Aurkitu, eta izugarrizko kaxa zen. Ezin irekian genbiltzala ohartu ginen hildako baten errautsak zirela. Benetako altxorra beste zulo batean zegoen…
Non ibili zarete altxorraren bila?
Euskal Herriko txoko ugari ezagutu ditugu, baina baita Katalunia, Segovia, Toledo, Lanzarote… oporretara joaten garenean, beti begiratzen dugu zein altxor dauden. Lanzarote adibidez, oso ustiatua dago turismoari begira, eta orri honen bitartez zirkuitu horietatik atera eta bestelako paisaia eta tokiez gozatzeko aukera izan genuen: jameo naturalak, ordaindu gabeko tokiak… Turismoa lantzeko beste bide bat da.
Zein presentzia du euskarak joko honetan?
Beste hizkuntzen tankerakoa. Zuk altxor bat gordetzen baduzu, informazioa eta deskribapena euskaraz jarri dezakezu. Hemengoetan, gazteleraz, euskaraz edota ingelesez daude… Katalunian ia denak katalanez. Eta gero, aurkitu duzula esateko, guk euskara erabiltzen dugu adibidez. Hizkuntzen aberastasuna islatzen da ekimen honetan ere.