Mendian lurrera begira jendea topatzen dugunean, perretxikotan dabiltzala pentsatu ohi dugu, baina, adi!, agian ezkutuko altxorren baten bila dabiltza. Euskal Herrian ehunka altxor daude gorderik, eta bi milioi altxor mundu guztiko 200 herrialdetan. Gure eskualdean bost altxor daude ezkutatuta: Baliarraingo San Juan iturri inguruetan, Abaltzisketako txoko ederretan, Villabona inguruko mendietan…
Ameriketako Estatu Batuetako lankide batzuen jolasa zena, azkar zabaldu zen mundu guztira Internet bitartez: geocaching.com da orria. Web orrian izena emanda, egun sei milioi erabiltzaile dituena, mundu guztiko altxorren mapa irekiko zaizu. Nora joan nahi duzun bilatu eta altxorraren inguruetako deskribapen eta informazio gehigarria topatuko duzu: zailtasun maila, distantzia, zerbitzuak, argazkiak… eta baita, aurretik altxorra bilatu dutenen iritziak ere. Bertan agertuko zaizu altxorra bilatzeko GPS-an sartu beharreko koordenaden informazioa ere, edo agian, aurretik proba bat burutu beharko duzu informazioa lortzeko; altxorrak aurkitzea ez baita lan erreza.
Baina nork gordetzen ditu altxor hauek? Altxorrak edozein erabiltzailek gorde ditzake eta informazioa web orrian eskuragarri jarri. Guk, Amaia Intxaurburu erabiltzailearen laguntzarekin, Baliarraingo altxorra aurkitu dugu: zuhaitz baten altzoan zegoen gordeta adar eta hosto artean. Kaxa bat da eta barnean altxor txiki ugari daude: dinosauroa, eskumuturrekoa, giltzatakoa… «orain, zuk zerbait utzi eta nahi duzuna har dezakezu» esan digu Amaiak. Koaderno txiki bat eta axota ere aurkitzen dira. Katalanak, frantziarrak, Tolosaldea bertakoak, bizkaitarrak, alemaniarrak… orri bakoitzean altxorra aurkitu dutenen mezuak daude. Guk ere, jarri dugu gure mezua: «Toki paregabe honetan asko gozatu dugu eta altxor gehiago bilatzeko irrikatan gaude». Mendietako buzoiak hutsik daude, mezurik gabe, triste… beren funtzioa formatu berri honek ordezkatu dituelako beharbada.