Euskal Herriko Trail Estazioa inauguratu dute Larraitzen

Ataria 2015eko martxoaren 14a

Euskal Herriko Trail Estazioak, Aralar eta Aizkorri-Aratz parkeak lotuko ditu eta bi gune izango ditu: bata Abaltzisketan eta bestea Zegaman. Gaur egin dute inaugurazio ekitaldia Larraitzen eta bihar egingo dute festa handia Zegaman. Bi herrietako mendi lasterketariek desafioa egin dute gaur Txindokiren magalean. Gutxigatik, baina Zegamako taldea gailendu zaio Abaltzisketakoari.

Mundu osoan erreferentea den Stations de Trail sarean txertatzen da Euskal Herrikoa eta dagoeneko hamabigarrena da. Sarearen arduradunak izan dira gaurko inaugurazio ekitaldian eta horrekin batera, Foru Aldundiko Iker Ruiz de Eguino Turismo eta Kanpo Harremanetarako zuzendariak eta Abaltzisketako alkate Jon Zubizarretak hitz egin dute.

Joseba Usabiaga aktoreak egin ditu aurkezpen lanak eta trikitilariak ere izan dira Larraitzeko aparkamentuan. Horrekin batera, Lur Lan kooperatibako produktuak eta mendiko materiala jarri dituzte.

Tolosaldeko Atariak Jon Zubizarreta Abaltzisketako alkatearekin hitz egin du Larraitzen.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!