Azken hilabeteotan, Zizurkilgo Udalean urte luzez lanean aritu diren bi langilek erretiroa hartu dute: Fernando Lozano kale garbitzaileak eta Luix Urkola brigada buruak. Lehenak 27 urtez egin du lan herriko kaleak garbi mantentzen, eta bigarrena, berriz, 29 urtez jardun da herria zaintzen eta txukuntzen.
Zizurkilgo Udalak eskerrak eman nahi dizkie biei urte hauetan guztietan egindako lanagatik, erakutsitako konpromisoagatik eta herriaren alde egindako ekarpenengatik. «
Gogoratu dute, Luix Urkola beti egon dela prest herritarren beharrei erantzuteko, edozein ordutan eta edozein unetan. «Herrikoa izateak gertutasuna eta berehalako erantzuna emateko aukera eskaini dizkio, baina, batez ere, Zizurkilekiko duen inplikazioa eta konpromisoa izan dira haren lanaren ezaugarri nagusiak. Urte hauetan guztietan, herriaren beharrei erantzuteko prestutasun osoa erakutsi du».
Fernando Lozanoren ardura eta arreta azpimarratu ditu udalak. «Haren txistuaren doinuak, herriko txoko guztiak zeharkatu ditu urte luzez. Txistu-kantuen artean, kaleetako azken hostoa ere garbitu arte aritu da lanean. Herriko kaleak egunero txukun eta garbi egon izana haren lan nekaezinaren eta konpromisoaren erakusgarri da».
Eskerra adierazteko, udalak opari berezia egin die biei: Izarne Zelaia Arratibel zinegotzi eta ilustratzaileak sortutako bertso ilustratu bana. Aurrerantzean, udalak opari instituzionalak egiteko baliatuko du sorkuntza.