Negozioen digitalizazioak aurrera egiten jarraitzen du, eta denbora aurrezteko eta administrazio-lanak errazteko aukera ematen duten tresnak izatea ezinbesteko bihurtu da autonomo, enpresa txiki eta aholkularitza-enpresa askorentzat. Testuinguru horretan sortu du Ninded plataforma Jorge V. Mendiolak (Zizurkil, 1982); negozio bat kudeatzeko tresna nagusiak espazio bakarrean biltzen dituen online plataforma.
Ninded plataforma sortu duzu.
Nola funtzionatzen du?
Ninded enpresa-kudeaketarako software bat da, hodeian funtzionatzen duena; beraz, ez duzu ezer instalatu behar. Enpresa edo autonomo berria bazara eta Ninded erabiltzen hasi nahi baduzu, nahikoa da zure datuak fitxategien bidez kargatzea, eta automatikoki izango duzu zure jardueraren historia osoa plataforman. Hortik aurrera, funtzionalitate ugari eskaintzen ditu.
Zer kudeaketa-tresna eskaintzen ditu plataformak?
Adierazle ugari biltzen dituen aginte-panel bat dugu. Azken 30 egunetan egin dituzun fakturak ikus ditzakezu, eta fakturen denbora-tartea eta bestelako iragazkiak aldatu. Kobratzea falta zaizun zenbatekoa, diru-sarrerak, gastuak, irabazi garbia, ordaintzeke eta ordainduta dauden fakturak, fakturen egoera… Informazio guztia aginte-panel oso batean biltzen da. Gainera, errenta aitorpenean ordaindu beharko duzun BEZ guztiaren informazioa ere jasotzen du, baita dagoeneko metatu duzun zenbatekoa ere.
Fakturek zure kokapena identifikatzen dute, zure fitxako datuen arabera. Demagun Logroñon zaudela: sistemak badaki VeriFactura egokitu behar duela; hau da, TicketBAIren antzera ezarriko den sistema berrira. Bizkaian bazaude, berriz, badaki Batuz sistemarekin konektatu behar duela, Bizkaiko Foru Ogasunarekin.
Zenbat denbora behar izan zenuen Nindeden lehen bertsioa garatzeko?
Ia urtebete daramat horretan. 2025eko azaroaren amaieran hasi nintzen, eta hasieran niretzako baliagarria izango zen plataforma bat sortzea zen asmoa. Izan ere, beste programa batzuk erabiltzen nituen, eta bizpahiru programa batera erabili behar izaten nituen; hala ere, ez zidaten behar nuena eskaintzen. Orduan, Ninded sortzea pentsatu nuen.
Larrialdietako zerbitzuak eskaintzen dituen enpresa bat dut, elektrikariak, iturginak eta sarrailagileak dituen zerbitzu-enpresa bat, hain zuzen ere. Hasieran, WhatsApp bidez bidaltzen genien zerbitzuaren informazioa teknikariei. Gero, zerbitzua amaitzen zenean, hainbat talde genituen kontabilitatea eramateko. Bada, Nindeden bidez, zerbitzuaren informazioa automatikoki bidaltzen zaio pertsonari WhatsApp bidez, aplikazioan sartu beharrik gabe. Ondoren, teknikariak zerbitzua itxi eta kobratutako zenbatekoa adierazten duenean, programak automatikoki jasotzen du informazio hori, mezua irakurtzen baitu, eta, datuak jaso ahala, kontabilizatu egiten ditu.
Kontratatutako teknikariekin eta autonomoekin lan egiten dut; beraz, astero, hamabostean behin edo hilero egin behar izaten ditugu likidazioak. Automatikoki likidazioa zein egunetan bidaltzea nahi dudan zehaztu dezaket. Sistemak zerbitzu eta zenbateko guztien txostena bidaliko dio teknikariari WhatsApp bidez, eta, ondoren, inkesta bat bidaliko dio ondorengo galderarekin: «Ados al zaude likidazioarekin?». Baiezkoa ematen badu, programak automatikoki sortuko du faktura, dagokion aldiko eremu guztiekin, eta bidali egingo du.
Faktura sortu ondoren, kontabilitate-idazpena ere automatikoki sortzen da, eta gainerako prozesuarekin jarraitzen du. Zergak kudeatzeko prozesua ere prest uzten du. Gipuzkoan, esaterako, aitorpen lagundua egiteko fitxategi bat sortzen dizu: webgunea irekitzen du, fitxategia deskargatzen dizu, eta zuk hura kargatu eta bidali besterik ez duzu egin behar, zure ziurtagiri digitala erabiliz.
Zein beste tresna eskaintzen ditu plataformak?
Erosketen moduluak adimen artifizialeko eskaner bat du, jasotako fakturak eskaneatzeko edo mugikorrarekin argazki bat aterata fakturak erregistratzeko.
Horrez gain, CRM bat ere badu, salmenta-aukerak kudeatzeko pipeline batekin. Zerbitzu teknikoetarako agenda bat ere eskaintzen du: egutegian zerbitzu bat ordu batetik bestera mugitzen duzunean, aldaketak automatikoki eguneratzen dira sistemaren atzeko aldean.
Langileen lanaldiaren erregistroa eta ordutegi-kontrola ere barne hartzen ditu, legeak ezarritakoaren arabera. Gainera, robot batek Espainiako Aldizkari Ofiziala (BOE) eta lurraldeetako aldizkari ofizialak egunero aztertzen ditu, araudia automatikoki eguneratzeko.
Inbentarioa eta biltegiak kudeatzeko modulua ere badu, argazkiekin eta stocka automatikoki eguneratzeko aukerarekin.
Diruzaintzaren arloan, banku-kontuen kontziliazioa egiteko aukera eskaintzen du fitxategien bidez, eta Open Banking protokoloarekin ere bateragarria da. Horrela, bankuko laburpenak fakturazioarekin alderatu daitezke, desorekak saihesteko.
Zergen arloan, fakturak denbora errealean igortzeko aukera ematen du, foru-ogasunekin
—Gipuzkoakoarekin, esaterako— konektatuta. Faktura bidali ondoren, baieztapena eta CSV kode ofiziala jasotzen ditu.
Horrez gain, teknikarien GPS bidezko jarraipena ere eskaintzen du mapan. Horrela, bezeroari teknikariaren iristeko gutxi gorabeherako denboraren berri eman dakioke, esteka baten bidez.
Google Ads, TikTok Ads, LinkedIn eta Meta plataformekin ere integratzen da, kanpainek zer-nolako eragina duten jakiteko.
Zein onura ekar diezazkioke adimen artifizialak enpresa baten kudeaketari?
Pertsona batek ezin du adimen artifizialak bezainbeste datu landu, datu horiek gurutzatu eta ondorioak atera. Pertsona bati egunak edo hilabeteak kostatuko litzaiokeena, adimen artifizialak segundo edo minutu gutxian egin dezake.
Uste duzu adimen artifizialak kontabilitate-kudeaketa automatizatuko duela?
Bai, erabat. Adimen artifizialak datu-bolumen handiak segundo gutxian prozesatzeko eta gurutzatzeko duen gaitasuna gizakion gaitasunaren gainetik dago, nabarmen, eta horrek enpresen kudeaketa eraldatzen du.
Nola erabaki zenuen zer tresna sartu plataforman?
Senideei eta ekintzaile ezagunei galdetu nien zer beharko lukeen ERP sistema perfektuak. Haien beharrak larrialdietako zerbitzuetan izandako nire esperientziarekin uztartu nituen, eta, lehenik eta behin, interfaze grafikoa diseinatu nuen; ondoren, atzean dagoen logika osoa programatu nuen. Urtebetez aritu naiz lanean buru-belarri, egunean 12-16 orduz, autodidakta gisa.
«Senideei eta ekintzaile ezagunei galdetu nien zer beharko lukeen ERP sistema perfektuak»
Ninded erabil daiteke ezagutza teknikorik izan gabe?
Bai, ahalik eta intuitiboena izan dadin egiten saiatu gara. Gainera, azpimarratzekoa da Ninded plataforma euskaraz ere erabil daitekeela.
Zerk bereizten du Ninded fakturazioko beste programetatik?
Badira «dena batean» direla agintzen duten programak, baina, egiaz, ez dira dena batean. Guk, ordea, benetan konpromisoa hartu dugu dena plataforma bakarrean eskaintzeko.
«Guk, ordea, benetan konpromisoa hartu dugu dena plataforma bakarrean eskaintzeko»
Lehen aldia al da horrelako proiektu bat garatzen duzuna?
Lehenago Android aplikazioak eta gauza txikiagoak egin izan ditut, baina hau urte osoko proiektua izan da. Zailena nire bi seme-alabekin egoteko denbora kentzea izan da, nahiz eta badakidan ahaleginak mereziko duela.
Zerk bultzatu zintuen Ninded sortzera?
Nire seme-alabek. Harro sentiaraziko dituen zerbait handia eraiki nahi nuen. Ninded izena aukeratzeko, sei letrako, simetrikoa eta gogoratzeko erraza zen .com domeinu bat bilatzen hasi nintzen. Hainbat aukera erakutsi nizkien seme-alabei, eta nirekin bat etorri ziren.
Nolakoak izan ziren proiektuaren lehen urratsak?
Lehenengo asteetan interfazea lantzen aritu nintzen. Oso dibertigarria da, berehala ikusten baituzu proiektua itxura hartzen hasten dela. Egia da hasieran ez duela inolako funtzionalitaterik, itxura hutsa besterik ez da, baina berehala maitemindu nintzen produktuaz; asko gustatu zitzaidan nola geratu zen.
Garapenaren zer alderdi izan da zailena?
Zalantzarik gabe, WhatsAppen barne-integrazioa eta mezuak irakurtzeko zein fakturak bidaltzeko automatizazio guztiak sortzea.
Zer ikasi duzu ekintzaile gisa?
Gauza asko. Denbora asko eman dut programazioari, adimen artifizialari, fiskalitateari eta beste hainbat arlori buruz ikasten. Lehen, lanean soldata-agiria ematen zidatenean, ez nuen ezer ulertzen. Beraz, alde horretatik, gauza asko ikasi ditut.
Zerk harrotzen zaitu gehien Ninded plataformaz?
Orain, proiektu osoa amaitu dudala ikustea. Baina zerbait nabarmendu beharko banu, hasieratik buruan izan dudan helburua izango litzateke: egunero lanean gogor aritu behar duen autonomoari benetako balioa ematea, dokumentazioaren eta administrazio-lanen zama arinduz. Horixe izan da nire helburua: prozesu guztiak ahalik eta errazenak eta automatizatuenak egitea, autonomoei buruhauste horiek kentzeko.

