Alaitasuna eta Kubak garai hobeak biziko dituenaren esperantza islatzen ditu koadroetan Maria Pilar Horrego Somozak (Habana, Kuba, 1963). Haren 40 artelan ikusgai izango dira Plazida Otaño liburutegiko erakusgunean, azaroaren 24ra arte.
«Kulturak, migrazioak, erresistentziak eta askatasunaren etengabeko bilaketak zeharkatzen dituzten istorioak margotzen ditut», esan du artista kubatarrak. Aitortu du sorterritik urrun eraiki behar izan duela nortasun artistikoa: «Migratzeak mundua begiratzeko dugun modua eraldatzen du. Bi lekuren artean bizitzen ikasten dugu, bi memoriaren artean, bi hizkuntza emozionalen artean».
Aurtengo urte hasieratik bizi da Horrego Euskal Herrian, Ormaiztegin, hain zuzen. Hemen harrera beroa egin diotela eta bere ibilbide artistikoan asko lagundu diotela nabarmendu du. Ahoz aho iritsi da artista kubatarraren lana Zizurkilgo kultur arduradunengana, eta hala eskaini diote Plazida Otañon erakusketa egitea.
Habanako emakumeak, koadroetan
Habanako emakumeen erretratuak dira, nagusiki, erakusketan bildu dituenak. Pintura dekoratiboa da berea, abstraktua, eta emakume horien kapeluetan ageri dira Kubako arkitektura eta herrialdeko beste hainbat sinbolo: oilarra, abanikoak, gitarrak... Kolore lauak eta biziak aukeratzen ditu koadroetarako.
Ez ditu ausaz emakumeen erretratuak egiten: «Kuban emakume eta artista izateak, kasu askotan, urritasunetik, muga materialetatik eta zailtasun ekonomikoetatik sortzea esan nahi du, baina, aldi berean, baita giza eta kultura aberastasun izugarritik sortzea ere».
Emakume anonimoen istorioak jaso ditu koadroetan: amenak, amonenak, migratzaileenak eta langileenak... Horregok dio feminismoa beretzat ez dela teoria abstraktua, errealitateari begiratzeko tresna baizik.
Arteak giza funtzio garrantzitsua du artistarentzat: zubiak eraikitzea. Egunotan Zizurkilen ikusgai izango den erakusketaren helburuetako bat da, hain zuzen, Kubaren eta Euskal Herriaren arteko harremanetan sakontzea.
Artista kubatarrak aitortu du egoera zaila bizi dutela gaur egun Kuban. Geldituta dago, esate baterako, Habana Zaharrean umeei arte-eskolak emateko proiektu komunitarioa; Horrego bera ere bertan aritzen zen. «Egoera oso tristea da. Ni izan naiz nire familian handik ateratzen azkena».
Euskal Herritik Kubari laguntzeko ahaleginean dabil artista. Legazpin eta Beasainen antolatu dituen erakusketetan, koadroak salduz lortutako diruarekin bere jaioterriko hainbat erietxe lagundu ahal izan ditu. Zizurkilen erakusgai dituen koadroak ere salgai daude: «Ekarpen horrekin laguntza handia lor daiteke, eta, bide batez, giroa alaituko dien koadro bat eraman dezakete bisitariek etxera».
Paco Bernalen horma-irudiak liburutegian
Joan den udatik, Paco Bernalen (Denia, Alacant, Herrialde Katalanak, 1963-2017) ilustrazioak biltzen dituen horma-irudia dago jarrita Plazida Otaño liburutegian. Kubako iraultzarekin konprometitutako margolaria izan zen Bernal, eta Maria Pilar Horregoren erakusketaren inaugurazioa baliatu dute haren figura gogoratzeko.
Zizurkilgo herria Gironako Lladó herriarekin senidetuta dago, eta elkartasun-harreman horien bidez ezagutu zuten zizurkildarrek Juli Suarez zinegilea, Guerrilla Comunicacional mugimenduko kidea ere badena. Haren eskutik izan zuten Bernalen berri.
Suarezek eta Bernalek Bartzelonan ezagutu zuten elkar, Kubarekiko elkartasun-taldeen bilera batean, eta ordutik harreman estua izan zuten. Ekintzaile valentziarra Down sindromearekin jaio zen, eta 24 urte zituela, biriketako gaixotasun larri baten ondorioz, heriotzaren atarian egon zen. Osatu ondoren, haren arrebak, Rosak, hitz eman zion urtebetetze bakoitza behar bezala ospatuko zutela, bizirik jarraitzen zuela ospatzeko. Hain zuzen, Un año más filma zuzendu zuen Suarezek 2019an. Urtebetetze-ospakizun horietako batean, Bernali babesa adierazteko, lagun eta musikari ugari nola elkartzen diren erakusten du filmak.
Bernalek Kubarekiko konpromiso handia izan zuen, eta bereziki Kubako Bostak izenez ezagututako preso kubatarren aldeko borrokan aritu zen. 2004an ezagutu zuen uhartea, eta ordutik, pinturaren bidez adierazi zuen Kubako herriarekiko atxikimendua. Artea elkartasunerako tresna bihurtu zuen. Hainbat marrazki egin zituen bost presoen aldeko kanpainarako, eta haien irudiekin 2005eko eta 2011ko egutegiak argitaratu zituzten.
Mikel Arrastoa zizurkildarrak Bernal gogoratu du Horregoren erakusketaren inaugurazioan. Kubak bizi duen egoera kontuan hartuta, ilustratzailearen eredua iparrorratz gisa hartu behar dela adierazi du. Fabula argitsu bat garai ilun batentzat.