Zizurkilgo Udalak 2027ko Ordenantza Fiskalen proposamena aurkeztu du urriko udalbatzan, eta hasierako onespena eman dio. Proposamenaren arabera, tasak eta zergak % 2,3 igoko dira, oro har, 2027ko urtarrilaren 1etik aurrera. EH Bilduren eta PSE-EEren aldeko botoekin eta EAJren kontrakoarekin onartu da.
Udalak azaldu duenez, igoera ez da KPIaren eguneratze automatikoaren ondorioa, baizik eta udalaren egoera ekonomikoa eta herritarrei eskaintzen zaizkien zerbitzuen beharrak aztertu ondoren hartutako erabakia. Horregatik, KPIaren igoera orokorra % 2,3 baino gehiagokoa bada ere, udalak Zizurkilen horren azpitik igotzea erabaki du.
«Helburua, udalaren finantza-oreka mantentzeko eta zerbitzu publikoen kalitatea bermatzen jarraitzeko baliabideak arduraz kudeatzea da», esan dute udal ordezkariek. Hala ere, igoera ez da tasa guztietan berdin aplikatuko. Hondakinen tasari dagokionez, ez da igoerarik aurreikusi.
Hondakinen tasak azken bi urteotan izan duen igoeraren ondoren, hondakinen kudeaketak sortzen dituen diru sarrerak eta irteerak orekatzea lortu da. Gainera, azken urteotan egindako aldaketek, lanketek eta konpostarekin egin den esfortzuak emaitzak ekarri ditu. Beraz, horren guztiaren ondorioz erabaki da igoera ez gauzatzea, nahiz eta oraindik baden zer hobetu.
Bestalde, guraso bakarreko familientzako hobariak aurreikusi dira, egoera horretan dauden familien egoera ekonomikoa arintzeko eta haiei laguntza eskaintzeko helburuarekin. Egonaldi turistikoen gaineko zergari dagokionez, berriz, arautuko duen ordenantza fiskala ere landu da. Udalaren arabera, proposamenaren helburua ez da herritarren zerga eta tasa karga handitzea, baizik eta udalaren baliabideak modu arduratsuan kudeatzea, egungo beharrak asetzea eta zerbitzu publikoak bermatzea, Zizurkilen etorkizuneko egonkortasun ekonomikoa zaintzeko.
Mozioen onarpena
Horretaz gain, urriko udalbatzan bi mozio garrantzitsu onartu dituzte. Batetik, Zizurkilgo Udalak Etxebizitzaren inguruko Errege-Lege Dekretuen balidazioa babesteko mozioa onartu du osoko bilkuran, EH Bilduren eta PSE-EEren aldeko botoekin eta EAJren kontrakoarekin. Mozioaren bidez, etxebizitza larrialdiaren aurrean herritarrak babesteko beharra azpimarratu da, hala ere, adierazi da neurri gehiago behar direla etxebizitza eskubidea osotasunean bermatzeko.
Bestalde, udalbatzak aho batez onartu du Asteasuko Siemens Gamesa enpresako greba mugagabean dauden langileei elkartasuna adierazteko eta haien eskaerekin bat egiteko mozioa. Horrela, Zizurkilgo Udalak langileen aldarrikapenei babes osoa adierazi die.