Larunbaterako, abizenen jatorriari eta genealogiari buruzko hitzaldia antolatu du Hernandorena kultur elkarteak, Zizurkilgo Plazida Otaño liburutegiko erabilera anitzeko gelan. Eneko Bernaldo de Quiros (Iruña, 1990), Euskalnapar abizenak egitasmoko bultzatzaileak emango ditu azalpenak. Parte hartu nahi dutenek Zizurkilgo udal bulegoetan eman beharko dute izena.
Norberaren abizenaren jatorria ezagutzeko, zuhaitz genealogikoa osatzea ezinbesteko pausoa dela azalduko du Bernaldok hitzaldian. Gomendio bat ere emango die bertaratutakoei: abizenetako batean zentratzea eta haren jatorria ezagutzeko ikerketan atzera egitea.
«XV. eta XVI. mendeetara arte, deiturak nahiko libreak ziren, eta ez ziren oinordetzan transmititzen», dio Bernaldok. Azkeneko lau urteotan egindako ikerketan, 900 abizen baino gehiagoren historia jaso du eta deitura zaharrena XI. mendean Artaxoan topatu du: Lasterra.
Bernaldok Euskadiko Artxibo Historikoan, Nafarroako Artxibo Errege Orokorrean eta sakramentu-erregistroak biltzen dituzten webguneetan egiten ditu ikerketak, baina herrietara eta baserrietara ere joaten da. «Adineko jendeak dakizki horrelako historiak, eta haiei galdezka ibiltzen naiz; beti egiten didate harrera ona». Tolosaldean ere aritu da ikertzen. Iaz, maiatzaren 1ean, Larre Irekiaren festa baliatuta, gerturatu zen Larraitzera.
Abizenek askotariko jatorria dute, eta pertsonak izendatzeko moduak aldatu egin dira garaiko beharren arabera. Badira lanbide baten izena daramatenak, patronimikoak —Gonzalez eta Fernandez, esaterako— eta etxearen izena dutenak ere. «Euskal Herriko zonaldearen arabera aldatu egiten da. Nafarroako erdialdean eta Erriberan ez zuten hainbeste etxearen izena hartzen; mugimendu asko egoten zen batetik bestera, eta jatorrizko herriaren izena hartzen zuten abizentzat».
Euskal Herriko eremu menditsuetan, berriz, baserriaren izena hartzen zen abizen gisa. Larunbateko saiora joaten direnek eskualdeko abizen ohikoenak zein diren ere ezagutzeko aukera izango dute. «Gauza bat errepikatzen da zuen eskualdean: umezurztegian uzten zituzten umeek Tolosa abizena hartzen zuten».
Horrelako bitxikeriak izango dituzte hizpide larunbateko saioan. 15 lagunentzako tokia egongo da, eta parte hartzea doakoa izango da. «Nik abiapuntua baino ez diet emango. Nondik hasi daitezkeen esplikatuko diet, eta hortik aurrera norberak ikusiko du zein hariri tira. Nahi adina denbora eman daiteke abizenen jatorria ikertzen», dio Bernaldok.
Bere ikerketa lana Apellidosvasconavarros.es webgunean bildu du, eta sare sozialetan ere zabaltzen du. Herriz herri antolatzen dituen saioen bidez, genealogia ezagutza hori herritarrengana hurbiltzen saiatzen da. Epe ertainera, beste asmo bat ere badu: Goizuetan euskal-nafar abizenei buruzko museo bat zabaltzea. Hasia da egitasmoa lantzen.