Kaleratzeei ezezkoa eman diete Pandroleko langileek

Enpresak 16 langile kaleratu nahi ditu Zizurkilgo lantegian, zortzi orain eta beste zortzi 2029an. Langileen batzordeak ez du adostasunik lortu zuzendaritzarekin bost bileren ostean.

Asteasuko bidean kokatuta dagoen Pandrol enpresak Enplegua Erregulatzeko Espedientea (EEE) jarri nahi du martxan, eta 16 langile kaleratu. Trenbideetarako materiala eta teknologia fabrikatzen eta hornitzen ditu enpresak.

Langileen batzordea enpresako zuzendaritzarekin bildu da azken asteotan. Joan den astean egin zuten bosgarren bilera, baina langileek ez zuten lortu zuzendaritzak proposamenean atzera egitea. Enpresak produktu-lerro bat kendu nahi du Zizurkilgo lantegitik, eta 16 langile kaleratzeko asmoa du: zortzi orain eta beste zortzi 2029ko abenduan.

Joan den astelehenean, langileen ordezkariak bilduta zeuden bitartean, elkarretaratzea egin zuten Pandroleko langileek lantegiaren atarian. Asteartean, berriz, batzarra egin zuten egoera aztertzeko eta enpresako zuzendaritzak egindako eskaintza eztabaidatzeko. Langileek ezezkoa eman zioten EEEaren proposamenari.

Langileek defendatu dutena kaleratzerik ez egotea izan da eta denbora honetan guztiak borondatezko irteerak defendatu dituzte. «Ez dugu lortu enpresak gure proposamenak kontuan hartzea eta onartzea. Azkenean, mehatxupean lortu dugu akordioa, kaleratuak izango diren langile horientzat baldintza ekonomiko hobeak mantentzearren», esan dute langileen ordezkariek.

Nahiz eta langileek EEE bertan behera uztearen alde borroka egin duten hasieratik, euren burua akordioa sinatzera behartuta ikusi dutela esan dute, hortik kanpo baldintza ekonomiko okerragoak izango bailituzkete kaleratutako langileek. Batzarretik pasa dute langileek erabakia, eta akordioa onartu dute.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!