Zizurkilgo Udalak, urriaren 19an, Bularreko Minbiziaren Aurkako Nazioarteko Egunean, ikerketa eta osasun publikoa aldarrikatu ditu. Bide batez, herritarrei gonbita egin die eguna arrosa kolorez ikusteari utz diezaioten eta gaiaren inguruan hausnar dezaten.
Izan Iñurri elkartearen gogoetekin eta aldarrikapenekin bat egin du Zizurkilgo Udalak, eta elkartearen lana herrira ekarri nahi du azaroaren 8an. Atxulondo kultur etxean Tabuen kutxatik eszenara izeneko lana emango dute, 18:30etik aurrera.
Espazio publikoan minbizia normalizatzen eta begirada soziala penatik ahalduntzera aldatzen laguntzen duen bakarrizketa-saioa da. «Intimoa, iraultzailea eta sakonki gizatiarra; minbiziaren bizipenetik emozioak eta tabuak biluzten dituena, umorea, samurtasuna eta errebeldia nahastuz. Testu ausart eta indartsuak, espresuki grabatutako soinu-efektuekin batera, bidaia emozional batera murgiltzen gaitu, publikoa barre egitera, hunkitzera eta emozioen benetako dragon cancer-a zeharkatzera eramanez».
Antzezpenaren ondoren, solasaldi irekia egiteko aukera ere egongo da. Bertan, minbiziaren bizipenaz, laguntzaz eta sentsibilizazioaz hitz egingo dute publikoarekin. «Umorea erabiliko da min eman duenari eta isildu ohi denari buruz hitz egiteko. Minbiziaren esperientzia humanizatuko da, samurtasunetik, lotsagabekeriatik eta errebeldiatik abiatuta. Mina arindu eta elkarrizketa soziala zabalduko duen katarsi kolektiboa sortuko da», esan dute bakarrizketaren sortzaileek.
Izan Iñurri elkarteko Olatz Mercaderrek idatzi du testua, eta bera arituko da oholtza gainean. Bakarrizketaren zuzendaritza Aitziber Garmendiak egin du.