Abiatu da Danena Klasikoko tropel erraldoia

Josu Artutxa Dorronsoro

500 txirrindularitik gora ari dira parte hartzen Zizurkilgo kirol elkartearen 50. urteurreneko ospakizunen barruan antolatutako martxa zikloturistan; txirrindulari historikoak doaz Gipuzkoan barrena doan tropelean.

Zizurkilgo Danena Kirol Elkartea 1958an sortu bazen ere, aurten 50 urte betetzen dira ofizialki erregistratu zela, eta efemeride berezia ospatzeko zenbait ekitaldi egiten ari da urtean zehar. Gaur, Etxeondo eta Orbearekin elkarlanean antolatuta, Danena Klasikoa martxa zikloturista egiten ari dira Gipuzkoan zehar. Lehiarik gabeko martxa da, eta helburu du taldearen parte izandakoak eta gaur egun direnak batu, ondarea ospatu eta etorkizunari bultzada ematea.

Guztira, 500 txirrindularitik gora elkartu dira Zizurkilen, ia erdia Tolosaldekoak, eta horietatik 135 inguru Aiztondokoak. 8:35 aldera abiatu dira Joxe Arregi plazatik, eta une honetan, Gipuzkoan barrena ari dira 117 kilometroko ibilbidea egiten. Izen handiko zenbait txirrindulari doaz tropel erraldoi horretan, tartean, Orbea taldeko kideak izan zirenak: Marino Lejarreta, Jokin Mujika, Haimar Zubeldia, Iban Mayo, Gorka Izagirre, Luis Angel Mate…

Orbeak adina garrantzi izan zuen beranduago sortu zen emakumezkoen taldeak, aitzindari eta eredu izan baitzen Euskal Herrian. Talde hartan bost txirrindulari zeuden, eta haietatik bi animatu dira. Arantxa Orbegozo, Joane Somarriba, Leire Olaberria, Ainhoa eta Nekane Artolazabal ahizpak eta Eukene Larrarte, besteak beste, tropelean doaz. Partaideek «aparteko esperientzia bat bizitzea» da antolatzaileen beste helburuetako bat: «Egunero ez dugu aukera izaten txirrindulari hauen ondoan joateko», esan zuen astean zehar Eneko Agirre Danenako kideak eta martxako antolatzaileak.

Maillot bereziak bai, baina agerian gutxi

Dortsalarekin batera, opari-poltsa jaso dute partaideek; tartean, maillot eta txapela berezi bana. 1984ko maillotaren berredizioa da, profesional mailako taldea izatera pasatu eta Danena mundura zabaldu zenekoarena. Mugarri historiko hura gogoratzeko, berreskuratzea pentsatu zuten. Txapelak, berriz, garai batean txirrindulariek eramaten zituztenen itxurakoak dira. Hala ere, gutxik erakutsi ahal izan dute gaur maillota. Euripean ari dira egiten martxa zikloturista, eta ia denek daramate zira maillotaren gainetik jantzita.

Festa giroko eguna

Danena Klasikoa hasi baino minutu batzuk lehenago, taldea sortu zutenak omendu dituzte. Ondoren, taldean aritutako gonbidatu bereziei eta gaur egungo gazteei pasilloa egin diete, bizikletak altxatuta, eta aurreskua dantzatu diete. Zenbait oroigarri banatu dizkiete omenduei eta ondoren, zinta ebaki dute.

Txirrindularitzaren festa handia ospatzen ari dira gaur, eta martxa ez ezik, ekintza gehiago antolatu dituzte. 11:00etan haurrentzako jolasak izango dira plazan. Martxa amaitu ondoren, bazkari herrikoia egingo dute plazan; 420 lagun elkartuko dira. Aitor Elduaienek gidatuko du bazkalostea, eta mikrofono irekia eta sorpresak izango dira. Amaitzeko, DJ batek girotuko du arratsaldea, 18:00etan hasita.

Erlazionatuak

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!