580 txirrindularik parte hartuko dute Danena Klasikoan

Josu Artutxa Dorronsoro

Josune Gorostidi, Jokin Mujika eta Arantxa Orbegozo, Danena Klasikoa martxako maillot bereziekin. KARLIS MEDRANO

Larunbatean izango da Zizurkilen hasi eta amaituko den martxa, kirol elkartearen 50. urteurrena ospatzeko ekitaldien barruan; maillot bereziak prestatu dituzte okasiorako.

1958. urtean jarri zen martxan Zizurkilgo Danena Kirol Elkartea, eta 2028an 70. urteurrena ospatuko du. Aurten, ordea, 50 urte betetzen dira Eusko Jaurlaritzako kirol erregistroan izena eman zuenetik, eta efemeride berezia ospatzen ari da, zenbait ekitaldirekin. Larunbatean izango da hurrengoa: Danena Klasikoa martxa zikloturista.

Eneko Agirre Iratzoki antolakuntza taldeko kideak adierazi duenez, Etxeondorekin eta Orbearekin elkarlanean prestatu dute, biek garrantzi handia izan dutelako elkartearen ibilbidean. Etxeondok ere 50 urte bete ditu aurten, eta Danenaren lehen ekipazio ofiziala egin zuen. Urte batzuk beranduago, Orbeak emandako babesari esker, gorakada handia izan zuen taldeak.

Lehiaketarik gabeko ekitaldia izango da. Agirrek aitortu du, martxa egitea erabaki aurretik, askotariko lasterketak egiteko ideia eta proposamenak izan zituztela mahai gainean. Hala ere, taldearen parte izandakoak eta gaur egun direnak elkartzeko ekintza bat antolatu nahi zuten. «Belaunaldiak batu, ondarea ospatu eta etorkizunari bultzada ematea da helburua».

1982-1983 denboraldiko ziklokros modalitateko taldea.

Izen handiak tropelean

Apirilean ireki zuten izen-emate epea, eta sekulako arrakasta izan du. 500 partaideko muga jarri zuten, baina azkenean 580 izango dira. Hasieran, bertako txirrindulariak animatuko ez ote ziren beldurra zuen elkarteak, orain arte antolatutako ekitaldien esperientziagatik. Hala ere, erantzun bikaina izan du eskualdean. Martxako parte-hartzaileen ia erdia Tolosaldekoa da, eta horietatik 135 inguru Aiztondokoak. «Oso gustura gaude», esan du Agirrek.

Tropel erraldoi horretan zenbait txirrindulari historiko egongo dira, tartean, Orbea taldeko kideak izan zirenak: Marino Lejarreta, Jokin Mujika, Igor Astarloa, Joseba Beloki, Haimar Zubeldia, Igor Anton, Iban Mayo, Gorka Izagirre… Orbeak adina garrantzi izan zuen beranduago sortu zen emakumezkoen taldeak, aitzindari eta eredu izan baitzen Euskal Herrian. Talde hartan bost txirrindulari zeuden, eta haietatik bi izango dira larunbatean. Joane Somarriba, Leire Olaberria eta Eukene Larrarte ere tropelean egongo dira. Partaideek «aparteko esperientzia bat bizitzea» da helburuetako bat: «Egunero ez dugu aukera izaten txirrindulari hauen ondoan joateko».

Orbea-Danena emakumezko txirrindulari taldea.

Dortsalarekin batera, opari-poltsa jasoko dute partaideek; tartean, maillot eta txapela berezi bana. «1984ko maillotaren berredizioa da, profesional mailako taldea izatera pasatu eta Danena mundura zabaldu zenekoarena. Mugarri historiko hura gogoratzeko, berreskuratzea pentsatu genuen. Txapelak, berriz, garai batean txirrindulariek eramaten zituztenen itxurakoak dira», azaldu du Agirrek.

Taldean joateko deia

117 kilometroko luzera eta 1.600 metroko desnibel positibo metatua izango ditu ibilbideak, Gipuzkoan barrena. Zizurkilgo Joxe Arregi plazan hasi eta amaituko da, eta Tolosa, Beasain, Azpeitia eta Zarautz zeharkatuko ditu. «Askotariko eskaerak eta iritziak bildu ditugu, baina garbi genuen guztiek egiteko moduko ibilbidea izan behar zuela», nabarmendu du Agirrek.

Tolosara arte neutralizatuta joango dira txirrindulariak. Gero, partaideak taldean joatea da antolatzaileen nahia, behintzat, herriguneetan. Ibilbidean zehar egongo diren anoa-guneetan taldekatzen saiatuko dira. Hala, trafikoan ahalik eta gutxien eragitea ere bada asmoa.

Festa giroko eguna

Larunbateko ospakizuna, ordea, ez da martxarekin amaituko; egun osoko egitaraua izango da. «Txirrindularitzaren festa handi bat izango da, eta taldea sortu eta mantendu dutenak omendu nahi ditugu. Txirrindulariei ez ezik, taldean mekanikari, autobus gidari eta bestelako kide izan direnei egin nahi diegu aitortza».

Lehenik, taldea sortu zutenak omenduko dituzte, 08:15ean. Ondoren, taldean aritutako gonbidatu bereziei eta gaur egungo gazteei pasilloa egingo diete, bizikletak altxata, eta aurreskua dantzatuko diete. Zinta ebaki ondoren, 08:30ean abiatuko da martxa. 11:00etan haurrentzako jolasak izango dira plazan. Martxa amaitu ondoren, bazkari herrikoia egingo dute plazan; 420 lagun elkartuko dira. Aitor Elduaienek gidatuko du bazkalostea, eta mikrofono irekia eta sorpresak izango dira. Amaitzeko, DJ batek girotuko du arratsaldea, 18:00etan hasita.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!