Dantza bideo bat da Errape. Pieza esperimental bat. Abere emeen ugatz edo titi bakoitza, eta horien multzoa da errapea. «Izatez, kritika antiespezista bat da». Maitane Dorronsororen (Zizurkil, 2003) lehen film laburra ere bada Errape: «Esne industriako biktima batzuen liberazio saiakera bat topatuko du ikusleak, antiespezismoaren eskutik». Publikoak, ordea, ez du topatuko «betiko istorio bat»; hark hausnartzea bilatzen du ikus-entzunekoak. Urriaren 1ean estreinatu zuen Bartzelonako Choreoscope jaialdian, eta Filmin plataforman ikusgai egongo da abenduaren 1era arte.
Bederatzi minutu eta erdi irauten ditu piezak, eta esne industria errealeko behien lekuan emakumeak jarri ditu Dorronsorok: «Sentsibilizazio handiago bat sortzea izan da helburua. Publikoak behi bat ikusiko balu ez luke berdin barneratuko, kategoria baxuago batean dauden espezietzat baititu jendeak. Horrekin puskatzeko modu bat izan da gizakiak jartzea haien testuinguruan, eta erakustea zer pairatzen duten».
Metaforaz gain, 360 graduko kamera bat erabili du irudiak grabatzeko, eta ikusleari «bertan dagoela» sentiaraztea izan du helburu: «Kasu honetan pertsonaia bat gehiago da ikuslea, eta esne industria pertsonifikatzen du. Pieza publiko orokorrari zuzenduta dago, esne industriaren atzean zer dagoen azaltzen duelako». Hari beretik aipatu du litekeena dela pieza «denen gustukoa» ez izatea: «Ikuslea interpelatu egiten du; zuzenean joaten da, nolabait, haren aurka. Pieza antiespezista bat da, eta agian ez da denen gustukoa izango. Baina hausnarketa sustatzea da asmoa».
Maitane Dorronsoro: «Ikuslea interpelatu egiten du; zuzenean joaten da, nolabait, haren aurka»
Dantza, istorioaren eramaile.
Kontakizuna islatzeko protagonistek dantza egiten dute, eta horretan Ainhoa Alberdi butoh dantzariaren laguntza izan du Dorronsorok: «Japoniako dantza bat da butoh, eta iluntasunaren dantza ere deitzen zaio. Bonba atomikoen ondoren sortu zen, herrialdeko sufrimendua adierazteko gogotik». Zuzendariak kontatu du Alberdirekin ikasi duela butoh dantza ezin dela kontakizun baten arabera dantzatu, baizik eta «beste nonbaitetik» sortu behar dela.
«Azken finean, elkarlanean sortu dugu nire ideiatik eta haiek ematen zidatenetik», horrela hitz egin du zuzendariak sortzeko prozesuaren inguruan, eta erronka izan dela aitortu du: «Inprobisazioak hainbesteko lekua izan duenez, nahiko konplikatua izan da. Zuzendari bezala ere lehen lana izan da, eta ez da erraza izan hainbeste pertsona nire esanetara egotea kudeatzea».
Mugimenduarekin, irudiekin eta soinuarekin esperimentatu dute piezan, eta Dorronsorok argitu du amaierako emaitza baino gehiago interesatu zaiola prozesua: «Neure buruari propio jarritako erronka izan da inprobisazioan oinarrituta sortzea. Ez pentsatzea hainbeste azken emaitzan, baizik eta esperimentatzera jotzea».
Erronka bete lan
Dorronsorok erronkatzat aipatu ditu inprobisazioan oinarrituta sortzea eta zuzentzen duen lehen pieza izatea. Ez dira izan, ordea, zailtasun bakarrak: «Arte digitalaren arloko zerbait da hau. Ezagutu nuenean sentitu nuen nire tokia zela, baina egia da teknologiarekin-eta ez naizela ondo-ondo moldatzen. Gehiago gustatzen zait gidoiak egitea, eskuekin sortzea...». Hain justu, zuzentzetik harago, Dorronsoro arduratu da gidoia idazteaz, irudiak eta soinua grabatzeaz eta editatzeaz. «Ekipo txikia» izan direla nabarmendu du, eta «orokorrean dena» berak egin behar izan duela.
«Egun bakarra izan genuen taldekideek elkar ezagutzeko, ideia barneratzeko, kokapenera joan eta gutxi gorabehera zer egin nahi genuen jakiteko eta entseatzeko», hala hitz egin du zuzendariak ekoizpeneko uneaz, eta materialari dagokionez ere erronkak izan dituela gehitu: «360 graduko kamerarekin grabatu dut, eta erronka izan da, ez nuelako aurretik inoiz erabili. Alokatu egin behar izan nuen eta, gainera, entsegu egunean iritsi zitzaidan».
Hori horrela, entseguan probatu eta bertan ikasi zuen nola funtzionatzen zuen. Ondoren, grabatutako materiala berrikusi, eta filmatze eguna izan du lanerako: «Muntatzeko garaiak ere izan du berea, oso ezberdina baita kamera arrunt baten grabazioen aldean. Erronka izan da prozesuan bertan ezagutzea gauzek nola funtzionatzen duten».
Haien lekuan jartzeko
Pertsonaien metaforaz eta 360 graduko kameraz gain, plano sekuentzian formatuan osatu du film laburra Dorronsorok: «Industria horren barruan gertatzen den egoera bat erakutsi nahi nuen, eta irudikatu nahi nuen hor sartzen den pertsona batek nola ikusten duen zer ari den pasatzen». Istorioa jarraitzeko eta egoera hori sortzeko «interesgarria» iruditu zaio plano sekuentzia erabiltzea, hain zuzen, gertaerak «denbora eta erritmo errealean» erakusten dituelako: «360 graduko kamera eta plano sekuentziaren bitartez ikusleari bertan dagoenaren sentsazio handiagoa ematen dio; hori lortzea izan da helburua».
Maitane Dorronsoro: «Industria horren barruan gertatzen den egoera bat erakutsi nahi nuen»
Eta gaiarekiko interesa, berriz, «urte batzuetatik hona» dakarrela azaldu du: «Bizitza beganoa daramat, eta antiespezista naizela esan liteke. Ez da erraza izan prozesua, azken batean, gizarteak erakusten dizkigu zenbait kontu, eta ematen du horiek ezin direla zalantzan jarri. Esne behiak esnea ekoizteko bakarrik daudela, arrautzak jaki bat besterik ez direla edo intsektu baten bizitzak ez duela baliorik... Interesatzen zaidan gai bat da, eta publiko orokorrari helarazi nahi nion».
Aurrez esan bezala, lehen pieza du Errape, eta emaitzaren inguruan gogobeteta esan du lortu duela nahi zuena: «Prozesuan jarri dut arreta, eta balio izan dit neure buruari presioa kentzeko emaitzaren espektatibari dagokionez». Zentzu horretan gaineratu du gogoan «emaitza zehatz bat» izan balu, «dena oso ezberdina» izango litzatekeela: «Arreta prozesuan jarrita, eta lortu nahi nuen efektua lortu dudala ikusita, oso gustura geratu naiz».
Ikus-entzunezkoa 2025ean osatu zuen, eta duela hilabete batzuk jakinarazi zioten Choreoscope jaialdian estreinatuko zutela: «Sekulakoa izan da. Buruan duzun ideia batetik hasi eta pixkanaka egia bihurtzen ikusten duzu. Eta horri gehituz gero jaialdi baterako aukeratzen dutela, eta Bartzelonako zinema bateko pantaila handian ikusten ari zarela...». Jaialdiak jende gehiagorengana iristeko aukera ematen diola ere esan du, eta «aukera zoragarria» izan dela: «Ohore handia da zure proiektu bat halako espazio batean ikustea». Estreinakoz Bartzelonan erakutsi bazuten ere, Euskal Herrian hainbat proiekzio antolatzeko asmoa ere azaldu du Dorronsorok, eta dagoeneko hasi dela hitz egiten kultur arloko zenbait arduradunekin: «Oraingoz ez dugu zehaztu datarik, eta gustura entzungo nuke edozein proposamen. Berezia litzateke Euskal Herrian ere aurkeztea». Zentzu horretan, norbaitek interesik izango balu errapebideodantza@gmail.com helbidean harremanetan jartzeko eskatu du.
Lehena, eta ez azkena
Errape dantza bideo gisa gorpuztu bada ere, ez zen hori izan hasierako asmoa. «Izatez, ikus-entzunezko komunikazioko gradu amaierako lana zen, eta intentzioa fikziozko film luze baten gidoia egitea zen». Gerora, ordea, bideo artearen arloa ezagutu eta interesgarria iruditu zitzaion, eta azkenean gradu amaierako lana formatu horretara egokitzea erabaki zuen: «Beste ideia batzuk planteatzen hasi nintzen, eta azkenean dantza bideoa egitea eta Errape formatu horretara eramatea erabaki nuen».
Dena dela, ez du «inongo momentutan baztertu» film luzearen ideia: «Izatez film luze bat zen, zeinak ez zuen zerikusirik dantza bideo batekin. Butoh dantzarena ere ideia aldaketarekin batera etorri zen, eta pelikularako ez dago hori aurreikusita». Eta film luzea egingo balu formatu «oso ezberdin bat» izango litzatekeela ere aurreratu du: «Hau egin izanak ireki ditu ate batzuk. Azken batean, ideia berdinetik atera da, eta hortik ere har nitzake elementu batzuk, zeinak ez liratekeen aterako beste modu batean sortu izan bagenu».
Nolanahi ere, diziplina ezberdinak ukitzea gustatzen zaiola adierazi du Dorronsorok, eta ikus-entzunezko ikasketetan arte digitalen arloa gustatu zaiola gehien: «Gustatuko litzaidake hori aztertzen jarraitzea, izan performatibotik, esperimentaletik... Ikus-entzunezkoak ikasi ditut, eta antzerkia ere egiten dut. Eta orain hor dut gogoa». Izatez, begiz jota du zein gai landu nahiko lukeen ere: «Asko interesatzen zait ametsen mundua. Ez dakit oso ondo zein formatan izango den, izan daiteke instalazio moduan edo. Badakit zeri buruz hitz egin nahi dudan, baina ez nola». Errape film laburrak urratu duen bidetik, «azken emaitza prozesuan zehar» osatuko dela iragarri du.



