Bertakoa zaintzeko parada

Leyre Carrasco

Azoka Berezia egin dute goizean, Zizurkilgo Herrigunean. Askotariko postuak eta jarduerak izan dira, eta giro onak ez du hutsik egin aurtengoan ere.

Giro ederra izan da goizean Zizurkilgo Herrigunean, izan ere, Azoka Berezia antolatu dute. Hogeita zortzigarren edizioa izan da aurtengoa, eta ohi moduan askotariko postuak eta jarduerak antolatu dituzte herritarren gozamenerako.

Herriko sei ekoizle izan dira azokaren ardatza, eta bertako produktuak dastatzeko aukera izan da. Horiek izan dira, besteak beste, Portxeta baserriko Leire Iraola; Ugarteberri baserriko Ainhoa eta Peru Labaka; Iritzibar baserriko Iñaki eta Eraitz Oiarbide; Aretagoiko baserriko Iñigo Etxenagusia eta Eleinne Pereira; Ihartza auzoan arrautzak ekoizten dituen Edurne Aranburu; eta Buztinbailaran erlezaintzan aritzen den Mattin Jauregi.

Ekoizleekin batera, bertako sortzaileek ere izan dute tartea azokan. Urtero ofizio tradizionalei espazioa eman nahi izan zaie Zizurkilen, eta ofizio horietako batzuk azokan ikusi eta ezagutzeko aukera izan da, hala nola harria, egurra, zeramika, zintzarriak eta artilea eta burdina.

Gainera, beste hainbat postu ere izan dira azokan. ATARIAk izan du bere txokoa, baina, horrekin batera, herriko ikastetxeek ere egin dute ekarpena. Otaño eskolak, esaterako, Segundo Monteseko Henry Ortiz eskolarekin duen senidetzearen barruan postua jarri du, El Salvadorreko eskola honek martxan dituen hainbat proiektuetarako dirua biltzeko. Herritar talde batek ere pintxo eta edari postua jarri du El Salvadorreko Segundo Montes komunitatearentzat dirua biltzeko.

Teodoro Hernandorena kalean eta herriko frontoian egon dira postuak, eta horrekin batera, beste hainbat ekimen egin dira: haurrentzat pottoketan ibiltzeko aukera izango da eta Gipuzkoako Pottokozale elkarteak erakusketa egin du; hain justu, Zizurkilgo Burrusti baserrian hazitako pottokak izan dira bertan. Artilea nola garbitu eta henazko tatuajeen tailerrak ere izan dira, plaza-dantza gidatuak eta, eguerdian, Zimiterioan euskal kantu saioa izan dira Olaia Toralekin batera. Hain zuzen, Zimiterioan mahaiak jarri dituzte, jendeak bertan bazkaltzeko aukera izan dezan.

Eguna borobiltzeko, arratsaldean, herri kirol erakustaldia egingo dute Intxaur frontoian, 18:00etatik aurrera. Harri-jasotzen eta aizkoran erakustaldiak egingo dituzte, banaka eta modu konbinatuan. Lierni Osa, Malen Morandeira, Olaia Esnaola, Joan Goikoetxea, Jakes Iruretagoiena eta Hariz Goena ariko dira.

Erlazionatuak

Azoka Berezia egin dute Zizurkilen

Leyre Carrasco urr 11, 14:11 Zizurkil

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!