Gotaine-Irabarneko Herriko gelan jokatu da Euskal Herriko Bertsolari Txapelketako seigarren saioa. Bihar jokatuko da lehenengo faseko azkena, Aguraingo Lezao Kiroldegian.
Sarrera guztiak amaituta, giro ederra izan da Gotaine-Irabarneko Herriko gelan: 630 lagunetik gora bildu dira bertan. Ekhi Erremundegi Beloki gai-emailearen atzetik igo dira oholtzara gaurko sei protagonistak: Aitor Etxebarriazarraga Gabiola, Andoni Rekondo Izagirre, Ekhiñe Zapiain Arlegi, Onintza Enbeita Maguregi, Unai Mendizabal Jauregi eta Xabat Illarregi Marzol.
Ariketa puntuagarri guztiak bukatuta, Xabat Illarregi Marzol izan da puntu gehien bildu dituen bertsolaria, 676.5 puntu. Beraz, Larraun-Lekunberriko finalaurrekoan kantatuko du urriaren 24an. Gaurko beste bost bertsolariek puntuazioaren arabera izango dute finalaurrekoetara sailkatzeko aukera. Bihar bertan argituko da hori, Aguraingo saioa amaitutakoan.
Horrela geratu dira gaurko puntuazioak:
Xabat Illarregi Marzol 676.5
Andoni Rekondo Izagirre 660
Aitor Etxebarriazarraga Gabiola 641.5
Unai Mendizabal Jauregi 631
Onintza Enbeita Maguregi 624.5
Ekhiñe Zapiain Arlegi 616
Lehenengo fasetako beste saioetan bezala hurrengo epaile taldea aritu da lanean: Aitor Jimenez Tolosana, Bakarne Urreaga Etxeberria, Iban Thicoipe, Jon Diaz de Mendibil Sarasti, Mirari Azula Aurrekoetxea, Miriam Juaristi Urizar eta Unai Muniain Caballero. Idazkari lanak Itxaro Juaristi Olaetxeak eta Aratz Irazustabarrena Garmendiak egin dituzte.
Bihar, lehenengo faseko azken saioa jokatuko da Aguraingo Lezao kirolgunean, 17:00etatik aurrera. Saiorako sarrerak Bertsosarrerak.eus atarian daude salgai; bihar, 15:30ean zabalduko da txarteldegia.