'Zizurkil baserri herria' leloarekin dator azoka

Jon Miranda Labaien

Igandean egingo dute Azoka Berezia Zizurkilgo Herrigunean. Herriko sei ekoizle izango dira azokaren ardatza, eta bertako produktuak dastatzeko aukera izango da. 

Zizurkilgo Udalak herriko ekoizleekin batera antolatu du XXVIII. Azoka Berezia. Datorren igandean egingo dute Herrigunean, eta Zizurkilen ekoizten diren produktuak ezagutaraztea, tokiko kontsumoa sustatzea eta ekoizleen lana ikusaraztea izango dira ekimenaren helburuak.

Maite Amenabar alkateak aipatu du aurten azokaren muinera itzultzeko apustua egin dutela, eta bertakoari balioa eman nahi izan diotela. Azokaren etorkizunaren inguruko hausnarketa egin ondoren, erabaki dute herriko ekoizleak izatea ekimenaren ardatza. Zizurkilgo sei ekoizle izango dira protagonista: Portxeta baserriko Leire Iraola; Ugarteberri baserriko Ainhoa eta Peru Labaka; Iritzibar baserriko Iñaki eta Eraitz Oiarbide; Aretagoiko baserriko Iñigo Etxenagusia eta Eleinne Pereira; Ihartza auzoan arrautzak ekoizten dituen Edurne Aranburu; eta Buztinbailaran erlezaintzan aritzen den Mattin Jauregi.

Herriko ekoizleen produktuak emango dituzte dastatzeko igandeko azokan. 13:00etik aurrera, Portxeta baserriko hanburgesak, Ugarteberri, Iritzibar eta Aretagoiko baserrietako esnekiak –jogurtak eta gazta freskoa– eta Aranburuk ekoitzitako arrautzekin egindako bizkotxoa emango dituzte probatzeko; bizkotxoa, gainera, Jauregiren eztiarekin lagunduko dute.

Baserriak Zizurkilen duen etorkizun oparoa azpimarratu du Izarne Zelaia Kultura zinegotziak. «Emakume gazteen nagusitasuna nabarmena da, eta hortik dator kartelean emakume baserritar bat azaltzearen ideia. Badakigu emakumeen lana isileko lana izan dela urteetan, eta baserrian ere hala gertatu da. Zorionez, ordea, hemengo baserrietan ikusten dugu badirela gidaritza daramaten emakumeak. Hori ere ikusarazi nahi izan dugu iruditerian». Azokarako karteldegi eta iruditeria herriko Izaro Lizarraga irudigileak egin du.

Hari eta azokaren antolakuntzan parte hartu duten guztiei eskerrak eman dizkiete udal ordezkariek: Herri Bulla festa batzordeari, herriko ekoizleei, eta erakutsitako babesagatik Kutxabanki eta Fraisoro eskolari ere.

Hain zuzen, igande eguerdian egingo duten dastaketaren prestaketa Fraisoro Eskolako Erdi Mailako Lanbide Heziketako Elikagaiak Elaboratzeko Teknikak zikloko ikasle eta irakasleekin batera egin dute herriko ekoizleek. Laida Zunzunegik azpimarratu du aukera «ezin hobea» izango dela datorren igandekoa: «Ilusioz eraldatutako produktuak aurkeztuko ditugu, eta bertakoa bertan dastatzeko aukera izango da».

Dastaketa eta azoka antolatzeko herritarren parte-hartzeaz aritu da Zelaia: «Aurtengo proposamen berritzailea aurrera eramateko funtsezkoa zen herritarren parte-hartzea. Hasiera-hasieratik argi izan dugu ez genuela bakarrik antolatu nahi, herritarrekin batera baizik».

Ekoizleekin batera, bertako sortzaileek ere izango dute tartea azokan. Urtero ofizio tradizionalei espazioa eman nahi izan zaie Zizurkilen, eta Ainhoa Larrea Kultura teknikariak aipatu du azken urteetan geroz eta zailagoa izaten dela horiek topatzea. «Hemendik deia egin nahi diegu instituzioei gure kulturaren parte diren ofizio horiek berreskuratzeko ahalegin berezia egin dezaten». Aurtengoan, ofizio horietako batzuk azokan ikusi eta ezagutzeko aukera izango da, hala nola harria, egurra, zeramika, zintzarriak eta artilea eta burdina. Halaber, artisau-artista baten eskutik, ofizio horietako batzuk gaur egunera nola ekar daitezkeen ikusi ahal izango da.

Askotariko jarduerak

Igandean, 10:30etik aurrera eta 14:30era arte egongo dira postuak Teodoro Hernandorena kalean eta herriko frontoian. Horrekin batera, beste hainbat ekimen egingo dira: 11:30etik 13:00era, haurrentzat pottoketan ibiltzeko aukera izango da. Gipuzkoako Pottokozale elkarteak erakusketa egingo du, eta Zizurkilgo Burrusti baserrian hazitako pottokak izango dira bertan.

Gainera, beste hainbat postu ere izango dira azokan. ATARIAk izango du bere txokoa, baina, horrekin batera, herriko ikastetxeek ere egingo dute ekarpena. Otaño eskolak, esaterako, Segundo Monteseko Henry Ortiz eskolarekin duen senidetzearen barruan postua jarriko du, El Salvadorreko eskola honek martxan dituen hainbat proiektuetarako dirua biltzeko. Herritar talde batek ere pintxo eta edari postua jarriko du El Salvadorreko Segundo Montes komunitatearentzat dirua biltzeko.

Artilea nola garbitu eta henazko tatuajeen tailerrak, plaza-dantza gidatuak eta, eguerdian, Zimiterioan euskal kantu saioa izango dira Olaia Toralekin batera. Hain zuzen, Zimiterioan mahaiak jarriko dituzte, jendeak bertan bazkaltzeko aukera izan dezan.

Arratsaldean, herri kirol erakustaldia egingo dute Intxaur frontoian, 18:00etatik aurrera. Harri-jasotzen eta aizkoran erakustaldiak egingo dituzte, banaka eta modu konbinatuan. Lierni Osa, Malen Morandeiera, Olaia Esnaola, Joan Goikoetxea, Jakes Iruretagoiena eta Hariz Goena ariko dira.

Udal ordezkariek nabarmendu dute 10:15etik 15:00etara autobus zerbitzua izango dela etenik gabe; Bulandegi bideko errotonda, Zubiaurretxoko bidegurutzea eta Herrigunea lotuko ditu autobusak.

Alkateak nabarmendu du, amaitzeko, azoka festa eta topagunea izateaz gain, bertako ekoizleentzat eta sortzaileentzat produktuak erakutsi eta saltzeko gunea ere badela. Horregatik, herritarrak animatu ditu igandean Zizurkilen bertan erosketak egitera.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!