Zizurkilgo Udalak 2025eko aurrekontuaren likidazioa aurkeztu ondoren, diruzaintza gerakina 1.265.011 eurokoa da. Diru sarrerek eta gastuek izan duen bilakaera aztertu ondoren, arduradunek nabarmendu dute udalaren finantza-egoera «egonkorra» dela. «Etorkizuneko beharrei aurre egiteko eta herritarrentzat garrantzitsuak diren proiektuak garatzen jarraitzeko gaitasuna du udalak».
2025eko aurrekontuaren behin betiko exekuzio maila % 81,73koa izan da gainera. Udalaren eguneroko jarduerarekin gastuetan exekuzio-maila altua izan da: langileen gastuen % 98,72, transferentzia arrunten % 93,86 eta ondasun eta zerbitzuen % 77,10 gauzatu dira.
Inbertsioen exekuzio ekonomikoa, ordea, % 44,77koa izan da 2025ean. Datu hau irakurtzerako orduan, udal ordezkariek esan dute inbertsio asok prozesu administratibo luzeak behar izaten dituztela: proiektuak prestatu, kontratazioak egin eta adjudikazio-prozesuak bete behar izaten dira. Hala ere, inbertsioen konpromiso maila % 92tik gorakoa dela azpimarratu dute, proiektu askok aurrera egiteko bidea eginda dute, baina gastuaren eragina aurtengo ekitaldian islatuko da.
Diru sarrerei dagokienez, azpimarratzekoa da zerga bidezko diru sarrerek aurreikuspenak bete eta gainditu dituztela, beste administrazio batzuetatik jasotako transferentziek ere aurreikusitakoa bete dutela eta kobrantza maila ona izan dela, aitortutako eskubideen % 92 inguru kobratu baita. Horrek udalaren eguneroko jarduna finantzatzeko egonkortasuna ematen du.
Zorpetzeari dagokionez, udalaren egoera «oso kontrolatua» da udal ordezkarien esanetan: urtean zehar ez da mailegu berririk hartu, eta 45.000 euro baino gehiago amortizatu dira. Azken lau legealditan udalaren zorra nabarmen jaitsi da, eta gaur egun, zorpetze-maila udalaren diru sarrera arrunten aldean % 4,65ekoa da. «Oso maila baxuan mantentzen da».
«Egoera ekonomiko egonkorra du udalak: diruzaintza gerakin esanguratsua, zorpetze maila baxua, aurrekontu emaitza positiboa, ordainketa maila handia eta aurrekontu egonkortasuna beteta». Datozen hilabeteetako erronken artean jarri dute aurreikusitako inbertsioak gauzatzen jarraitzea. Udalaren finantza-egoera egonkorrari esker, herritarrentzat beharrezkoak diren proiektuak gauzatu eta zerbitzuak ematen jarraitu ahal izango dute.
Euskararen aldeko mozioa
Zizurkilgo Udalak, iraileko osoko bilkuran EH Bilduren eta EAJren aldeko botoekin eta PSE-EEren kontrakoarekin, UEMAk proposatutako euskararen aldeko mozioa onartu zuen.
2024an onartu zuen Zizurkilgo Udalak Euskararen Plan Estrategikoa, eta bertan finkatu eta jasotako neurrien inguruan lanean aritu dira urteotan. Bi urte geroago, planak jasotzen dituen helburu, ekintza eta neurriekin bat egiten jarraitzen dutela adierazi dute udal ordezkariek.
Honako konpromiso hauek hartu ditu udalbatzak: erabilera planean onartutako hizkuntza irizpideak betetzea; kontratazio publiko guztietan hizkuntza baldintzak txertatu eta horien jarraipena egitea; doako euskalduntzea bermatzea; haur eta gaztetxoen aisialdia euskara hutsean programatzea; udalen eskumenekoak diren esparruetan euskararen normalizazioan urrats sendoak ematea; eta etorri berriak euskarara gerturatzeko egitasmoetarako bitartekoak areagotzea.