Itxaso Erasunek bere ibilbideko zortzigarren txapela jantzi du

Josu Artutxa Dorronsoro

Erasun eta Aldai, goian, txapelak jantzita. Argazkia: Emakume Master Cup.

Udako Master Laboral Kutxa Txapelketa irabazi du, Aldairekin bikotea osatuta; finalean, 22-10 hartu dute mendean Etxegarai-Bergara bikotea.

Txapelak bata bestearen atzetik janzten eta etxean gordetzen jarraitzen du Itxaso Erasun pilotari zizurkildarrak. Igandean, Udako Master Laboral Kutxa Txapelketako finala irabazi zuen. Aurten lortu duen bigarren txapela da, Gipuzkoako Lau eta Erdiko Goiener Sarikoaren atzetik. Guztira, zortzi txapel jantzi ditu. 2023an eta 2024an, Binakako Gipuzkoako Txapelketakoak jantzi zituen; 2024an bertan, Emakume Master Cup eta San Mateo Torneoa ere irabazi zituen; eta iaz, San Fermin Torneoa eta Plazandreak Txapelketa irabazi zituen.

Joko- eta emaitza-bolada onean da zizurkildarra, eta hori berretsi zuen igandean. Amaia Aldai dimoztarrarekin osatu zuen bikotea Sopelan jokatutako finalean, eta Maddalen Etxegarai eta Arrate Bergarari 22-10 irabazi zieten. Final orekatua espero zuten pilotazaleek, baina Aldaik berehala hautsi zuen partida. Hasi eta buka, erakustaldia eman zuen bizkaitarrak –pilotari onena izendatu zuten–, eta Erasunek oso ondo jokatu zuen atzeko koadroetan. Hiruna berdindu ondoren, zazpi tanto jarraian egin zituzten garaileek, eta ordurako beste horrenbeste tanto zituen eginak Aldaik, era guztietakoak. Finalaren bigarren erdian, aldea areagotzea lortu zuten txapeldunek.

Partidaren ondoren ETBri egindako adierazpenetan, Aldaik egindako lan ona azpimarratu zuen Erasunek: «Bizitasun handiarekin aritu da, eta gozamen hutsa da horrela jokatzea». Zizurkildarrak gaineratu zuen «ikaragarri» gozatu zuela aurrelariaren jokoarekin. «Ez nuen espero, baina egun ederra izan da. Zorionez, ez dut lan handirik izan». Udako emaitzek lagunduta, Sopelara «konfiantzaz gainezka» heldu zela aitortu zuen. «Txapel guztiak dira bereziak, baina hau udako erregulartasunaren oparia da. Espero dut bolada onean jarraitzea».

San Mateo torneoa

Gizonezkoen San Mateo torneoko finalean ere partida orekatua espero zen, baina Erik Jaka lizartzarrak eta Mariezkurrena II.ak ikaragarri jokatu zuten, eta hasieratik alde handia zabaldu zuten markagailuan: 2-13 eta 4-19. Azkenean, 22-11 irabazi zioten Ezkurdia-Martija bikoteari.

Caixabank Mastersa

Asteburuan, Caixabank Masters Txapelketako Serie A mailako finalerdiak eta finala jokatuko dira Nafarroa Arena pilotalekuan. Ostiral gauean izango dira finalerdiak; lehenean, Iñaki Artola alegiarrak Rezustarekin batera jokatuko du, Elordi-Mariezkurrena II bikotearen aurka; bigarrenean, berriz, Martxel Iztueta tolosarra Zabalarekin ariko da, Ezkurdia-Albisu bikotearen aurka. Finala igande arratsaldean izango da. Larunbat arratsaldean, berriz, Serie B mailako finala jokatuko dute Zallan, Jaka-Eskuza eta Peio Etxeberria-Landa bikoteek.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!