Hondakinak egoki kudeatzeko deia egin du udalak

Tolosaldeko Ataria

Hondakinak gaizki sailkatzeak kostu ekonomikoa dakarrela gogorarazi du udalak, eta gainera ingurumenean eragin kaltegarria dakarrela.

Zizurkilgo Udalak gogoratu du hondakinen kudeaketa desegokiak udalerriari kostu ekonomikoa dakarkiola, eta horrekin batera, ingurumenean ere baduela eragina. Maite Amenabar alkateak azpimarratu du denen ardura dela hondakinak behar bezala sailkatzea.

Tolosaldeko Mankomunitateak duela hilabete batzuk emandako datuek erakusten dute hondakin organikoa tratatzea merkeagoa dela errefusa tratatzea baino –144,72 euro organikoa, 232,64 euro errefusa–. Zizurkilen gainera, % 35 jaitsi da organikoaren tratamendu-kostua, bildutako materialaren kostua oso ona baita.

Errefusari dagokionez, ordea, % 35 igo da tratamendu-kostua, errefusaren edukiontzietan behar ez diren hondakin asko topatu direlako. Erdia baino gehiago ez da benetako errefusa. Edukiontzi grisetan topatutako % 47,24 hondakin organikoa da eta % 8,22 ontzi arinak. Hortaz, errefusera botatzen denaren zati handi bat birziklagarria dela gogorarazi du alkateak. «Zenbat eta hobeto sailkatu, orduan eta errazagoa eta merkeagoa izango da haiek tratatzea. Errefusa behar bezala sailkatzen ez dugun bitartean, hondakinen kudeaketaren kostua ez da jaitsiko, eta guztiok nabartuko dugu hori gure poltsikoetan».

Ingurumenean eragina

Hondakin organikoa bereizita jasotzen denean tratatu eta baliabide bihur daitekeela esan du Zizurkilgo Udalak, alderantziz, errefusaren edukiontzira organikoa edo birziklagarrian den beste hondakinen bat botatzen bada, materiaol hori ezin da behar bezala aprobetxatu.

Aldi berean, errefusa zenbat eta gehiago sortu, orduan eta gehiago gastatu behar da hondakin hori garraiatzen eta tratatzen. «Energia eta baliabide gehiago erabiltzea eta isuri gehiago sortzea ekar dezake. Baliabide naturalak alferrik galtzen ditugu: birzikla edo konposta zitekeen material bat galtzen ari gara, eta kutsadura handitzen dugu». 

«Keinu txiki horrek eragin zuzena du hondakinen kudeaketaren kostuan eta, batez ere, ingurumenaren zaintzan. Hondakin bakoitza dagokion edukiontzian botatzea da gure esku dagoen ekarpenik erraz eta eraginkorrenetako bat», esan du Amenabarrek.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!