Laugarren aldiz eman diote Maria Moliner saria Plazida Otaño liburutegiari

Tolosaldeko Ataria

'Desinformazioaren aurrean irakurle kontzienteak' proiektuagatik jaso du saria. 2.777 euro emango dizkiote Zizurkilgo liburutegiari.

Plazida Otaño liburutegiak Espainiako estatu mailan banatzen den Maria Moliner saria jaso du. «Desinformazioaren aurrean, irakurle kontzienteak» proiektuari esker saritu dute, eta 2.777 euroko saria jasoko du.

2023an Maria Moliner Sari Nagusia eskuratu eta gero, bi urtez lehiaketara aurkeztu gabe egon ondoren, aurten liburutegiak apustua egin eta proiektua aurkeztu du sariketara. Laugarren aldia da Maria Moliner sariarekin aitortzen dutela Plazida Otaño liburutegia.

Zizurkilgo Udalak zorionak eman dizkie liburutegiko langileei, irakurleei eta komunitate osoari. «Gure herriko zerbitzu publikoek jasotzen dituzten aitortzek bereziki balio handia dute guretzat», esan dute udal ordezkariek.

Aurrerantzean ere, liburutegia zaintzen jarraitzeko deia luzatu du udalak. «Jarrai dezagun herriko erreferentziazko gunea zaintzen eta ezagutza, irakurketa, kultura eta herritarren parte-hartzea sustatzeko espazio irekia izaten».

Liburuzainek, bestalde, eskerrak eman dizkiete liburutegira hurbiltzen diren herritar guztiei: «Zuen partaidetzarik gabe ez bailitzateke hau guztia posible izango».

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!