Zizurkilgo Udalak Perot inguruko hiru lursail bereganatu ditu doan, lur jabeekin urteetan landutako lagapen akordioa gauzatuta.
Urteetako lana izan da. 2018ko abenduan, udalak eta Perot eremuko lur jabeek hirigintza-hitzarmena sinatu zuten, eta akordio haren barruan bi aldeek hainbat konpromiso hartu zituzten.
Alde batetik, Zizurkilgo Udalak Hiri Antolamenduko Plan Orokorra (HAPO) aldatzeko konpromisoa hartu zuen, Perot inguruko industriagunean jarduera bakarraren ordez hiru jarduera txikiago garatzeko aukera ahalbidetzeko. Lur jabeek, berriz, hainbat lursail udalari doan lagatzeko konpromisoa hartu zuten.
Udalak 2024ko abuztuan bete zuen hartutako konpromisoa, Perot hirigintza-eremuari zegokion plangintza-aldaketa behin betiko onartu zenean. Gipuzkoako Foru Aldundiaren Gobernu Kontseiluak eman zion behin betiko onarpena, eta erabakia Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen.
Ondoren, 2024 eta 2026 artean egindako landa lursailen digitalizazio lanei esker, lagapenaren barruan zeuden lursailak zehaztu eta geo-erreferentziatu dira. Behin lan tekniko horiek amaituta, irailean formalizatu da lursailen lagapena. Udalaren jabetzara igaro diren lursailak 03 poligonoko 184. lursaila (17.118 m²), 209. lursaila (14.146 m²) eta 210. lursailak (1.295 m²) dira. Guztira, beraz, 32.559 metro koadro inguruko azalera eskuratu du Zizurkilgo Udalak.
Lursailak landa-eremuan kokatzen dira eta nekazaritza eta abeltzaintza erabileretara bideratuta daude. «Urte askotako lana izan da. 2018an hasi genuen prozesua eta bidean hainbat urrats eman behar izan ditugu. Azkenean, ordea, hitzartutakoa formalizatu eta lursailak udal jabetzako bihurtzea lortu dugu», azaldu du Maite Amenabar alkateak.
Amenabarrek lur jabeen lankidetza ere eskertu du: «Udalaren eta lur jabeen arteko elkarlanaren emaitza da gaur formalizatu dugun lagapena. Eskerrak eman nahi dizkiegu urte hauetan guztietan izan duten prestasunagatik eta lankidetzagatik».
