Danok Danena taldeko Andres Rubiños 47 urteko halterofilo zizurkildarrak Atenasen (Grezia) jokatutako Munduko Halterofilia Txapelketa irabazi du 45 urtetik gorakoen eta 65 kilo baino gutxiagokoen mailan. Erakustaldia egin du zizurkildarrak, eta lehiaketako izar nagusietako bat izan da.
Abiadan 93 kilo jasotzea lortu zuen. Diziplina horretan bigarren izan zen Arve Philip Rodriguez Kristoffersen halterofilo norvegiarrak 85 kilo jaso zituen. Bi denboratan, berriz, 105 kilo jaso zituen Rubiñosek, Kristoffersenek baino bat gutxiago. Biek egin zuten saiakera 110 kilorekin, baina ez zuten kopuru hori jasotzea lortu. Ondorioz, guztira, 198 kilo jaso zituen zizurkildarrak, eta 191 norvegiarrak. Mikel Muniain nafarra izan zen hirugarren, 185 kilo jasota.
Urrezko domina irabazteaz gain, Espainiako hiru errekor berri ezarri ditu Rubiñosek: abiadakoa, bi denboratakoa eta bien batura eginda lortutako total olinpikokoa. Atenasko txapelketan lortutako emaitzarekin, Zizurkilgo halterofiloak bere kirol ibilbideko garairik onenean dagoela erakutsi du.