Zizurkilgo Udalak balorazio positiboa egin du aurtengo Elbarrenako festen inguruan. Udaleko langileek eta festa batzordeko kideek nabarmendu dutenez, bost eguneko egitaraua aurreikusitako moduan gauzatu da, aldaketa handirik gabe, eta festak normaltasunez eta giro onean igaro dira.
Ekitaldiek, oro har, parte hartze handia izan dute, eta herritarren erantzuna positiboa izan da. Hala ere, zenbait gunetan ohi baino zikinkeria gehiago pilatu dela nabarmendu dute udal ordezkariek. Horri aurre egiteko, garbiketa enpresa bat kontratatu dute, udal brigadaren lana indartzeko. Ohiko garbiketa lanez gain, garbiketa sakona eta desinfekzio lanak ere egin dituzte.
Esker ona
Udalak bereziki eskertu du festa batzordeak egindako lana. Izan ere, bost eguneko egitarau zabala antolatzeak urte osoko lana eta koordinazioa eskatzen du. Udalaren hitzetan, «herritik herriarentzat» egindako lan horri esker, adin eta gustu ezberdinetako herritarrei zuzendutako festak antolatu ahal izan dira.
Era berean, aurtengo txupinazoa Plazida Otaño liburutegiari eskaini izana ere eskertu nahi du Zizurkilgo Udalak. Liburutegia herriko zerbitzu garrantzitsua da, eta herritarrek eta festa batzordeak haren garrantzia aitortu izana pozgarria dela nabarmendu dute.
«Sekulako harrotasuna da guretzat txupinazoa herriko liburutegiari eskaini izana. Beraz, eskerrik asko festa batzordeari, eta, noski, eskerrik beroenak liburutegiko langile eta komunitate osoari. Arantxari ere esker bereziak eman nahi dizkiogu. Txupinazoa liburutegiko komunitate osoa biltzeko baliatu zuen: sortzaileak, tertulietara gerturatzen diren herritarrak, ekintzetan parte hartzen duten haurrak… guztiak elkartu ziren, eta oso berezia izan zen», adierazi du Maite Amenabar alkateak.
Hurrengo jaietarako ere festa batzordearen lana eta antolakuntza ezinbestekoak izango direla nabarmendu du alkateak. Horregatik, udalak herritarrak animatu ditu batzordean parte hartzera eta herritik herriarentzat egiten den festen antolakuntzan ekarpena egitera.