Urriaren 11n Zizurkilgo Herrigunean egingo duten XXVIII. Azoka Berezirako boluntarioak behar dituzte. Udalak herritarrei deia zabaldu die laguntza emateko. Lau pertsona behar dituzte txartelen salmentan: bi goizez, 12:00etatik 13:30era, eta bi arratsaldez, 13:30etik 15:00etara; lau pertsona janaria banatzeko postuetan, 12:45etik 15:00etara; hiru pertsona ogia moztu eta hanburgesak muntatzeko sukaldean, 12:30etik 15:00etara; eta bederatzi pertsona errepideko bidegurutzeetan laguntzeko.
Azokan laguntza eman nahi dutenek udalak zabaldu duen loturan eman beharko dute izena. Aurten herriko ekoizleak azokaren ardatz nagusia izango direla esan du Izarne Zelaia Arratibel kultura zinegotziak: «Boluntario lanari eta herritik herriarentzat egindako lanari esker bakarrik lortuko da helburua gauzatzea».
Azokaren izaeraren muina indartzeko saiakera egingo dute aurten, eta bertako ekoizpena eta kontsumoa sustatuko dituzte. Herritarrak herrian ekoitzitakoa ezagutzera, balioestera eta kontsumitzera gonbidatu nahi dituzte. Horretarako, besteak beste, bertako ekoizleen produktuen dastaketa egingo dute azokan, eta hori guztia aurrera eramateko beharrezkoa izango da herritarren parte-hartzea.
Postuetarako izen-ematea
Udalak eta herriko ekoizleek elkarlanean antolatu dute aurtengo azoka, eta bertan postua jarri nahi dutenek ostiralera arte dute izena emateko aukera. Antolakuntzak postuaren estalpea eta mahaia, mantela eta postuaren izenaren eta ezaugarrien kartela helaraziko dizkie.
Azoka 10:30etik 14:30era egingo dute. Janari-ekoizleek eta artisauek 09:30erako iritsi beharko dute Herrigunera, bakoitzaren postua prestatzeko. Garaiz etortzeko eskatu dute antolatzaileek, muntaia behar bezala antolatu ahal izateko.