Bolada oso onean dago Itxaso Erasun pilotari zizurkildarra. «Udan oso erregularra izaten ari naiz, eta uste dut nire kirol ibilbideko momentu onenetako batean nagoela», aitortu du. Oso pozik dago lortutako emaitzekin. «Esango nuke nire mailak gora egin duela. Zenbait txapelketetan finalera ez bada, finalerdietara iritsi naiz. Entrenamenduetako lana emaitzak ematen ari da».
Bada, igandean, bolada onari jarraipena emateko aukera izango du Sopelan (Bizkaia), elite mailako Udako Master Laboral Kutxa torneoko finala jokatuko baitu. Amaia Aldai dimoztarra izango du lagun, eta Etxegarai-Bergara bikotearen aurka jokatuko dute.
Larunbatean jokatu ziren finalerdiak Oñatin. Lehen partidan, Aldai-Erasun bikoteak 22-12 irabazi zion Ibarrola-Oses bikoteari. «Oso ondo aritu ginen. Ni nagusi izan nintzen atzeko koadroetan, eta Amaia ohi bezain jaio aritu zen aurrekoetan». Beste finalerdian, Irati Zabala lizartzarrak jokatu zuen. Sagarduirekin batera, 15-22 galdu zuten Etxegarai-Bergara bikotearen aurka.
Finalerdi ona jokatu eta ondo irabazi ondoren, konfiantzaz gainezka iritsiko dira finalera Aldai eta Erasun. «Momentu oso onean gaude. Sentsazioak onak dira, eta iruditzen zait finala irabazteko aukerak izango ditugula. Hala ere, final guztiak bezala, hil ala biziko partida izango da, gogorra», aitortu du zizurkildarrak.
Erasunek uste du finaleko gakoa Etxegarai izango dela. «Bergara bolada oso onean dago; pilota oso gutxi galdu zituen finalerdian. Etxegarai aurrelari bizia da, odol berokoa, erasokorra, eta egun ona duenean, min handia egin dezake. Egun txarra izanez gero, gure aldeko izan daiteke».
Lezon txapeldun
Joan den irailaren 14an, 50. Josetxo Etxandiren Oroimenezkoa Txapelketako emakume afizionatuen lehen mailako finala jokatu zuen Erasunek, Behar Zanako beste pilotari baten aurka: Miriam Arrillaga aginagarra. Binaka aritu ziren; Erasunek Olatz Arrizabalaga gernikarrarekin jokatu zuen, eta 22-13 irabazi zieten Goiuri Zabaleta leitzarrari eta Arrillagari.
Txapelketa berean, Etorkizuneko Izarrak kategorian, lau eta erdiko txapelketako finala jokatu zuen Behar Zanako beste pilotari batek: Joanes Cestau adunarrak. 22-11 galdu zuen Oberena klubeko Sarasibarren aurka, eta ez zuen txapela jantzi.
Hiru Hiriburuak
Bestalde, joan den asteburuan hasi zen Gasteizko Ogeta pilotalekuan Hiru Hiriburuak txapelketa. Elite mailan, binaka, final-laurdenetako kanporaketa bana jokatu zuten Erasunek eta Zabalak, baina ezin izan zuten irabazi, eta ez ziren finalerdietara sailkatu. Zizurkildarrak bi urte eta erdi kantxetatik kanpo igaro dituen Leire Garai gasteiztarrarekin jokatu zuen, Ibarrola-Oses bikotearen aurka. Lizartzarrak, berriz, Arrizabalaga izan zuen bikotekide, eta Sagardui-Bergara bikotearen aurka galdu zuten.
San Mateo Torneoa
Zabalak, final bat jokatzeko beste aukera bat galdu zuen joan den ostegunean, Santo Domingo de la Calzadan (Errioxa). San Mateo torneoko finalerdia jokatu zuen Ibarrolarekin bikotea osatuta, baina 22-18 galdu zuten Sagardui-Capellan bikotearen aurka.