Azoka Berezian postua jartzeko aukera zabaldu dute

Tolosaldeko Ataria

Herriko ekoizleak izango dira azokaren ardatza, eta postua jarri nahi dutenek irailaren 25era arte izango dute izena emateko aukera.

Zizurkilgo XXVIII. Azoka Berezia urriaren 11n egingo dute. Udalak eta herriko ekoizleek elkarlanean antolatuko dute, herritarren parte-hartzearekin, eta Zizurkilgo ekoizleak izango dira ardatz nagusi. Izan ere, bertako produktua eta ekoizpena ezagutarazteko helburua dute.

Ohi bezala, Azoka Berezian postutxoa jartzeko izen-ematea ireki da, eta irailaren 25era arte egongo da aukera horretarako. Azokaren ordutegia 10:30etik 14:30era izango da.

Janari-ekoizleek eta artisauek 09:30erako iritsi beharko dute Zizurkilgo Herrigunera, bakoitzaren postua prestatzeko. Garaiz etortzea eskertuko lukete antolatzaileek, muntaia behar bezala antolatu ahal izateko. Postua estalia izango da, eta mahaia, mantela eta postuaren izena eta ezaugarriak jasoko dituen kartela eskainiko zaizkio postu bakoitzeko arduradunari.

Postua erreserbatzeko eskaera egitea beharrezkoa izango da. Eskaera udalaren web orrian egin daiteke, edo aurrez aurre udal bulegoetan. Eskaerak osorik bete beharko dira; guztiz bete gabeko eskaerarik ez dute onartuko. Eskaera betetzeak ez du esan nahi azokan parte hartuko denik.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!